Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Aurtengo Durangoko Azokan Euskararen Etxea bertara hurbildu dugu
Aurtengo Durangoko Azokan Euskararen Etxea bertara hurbildu dugu - Image

Durangoko Azokaren 49. edizioan Euskararen Etxea nabarmendu nahi izan dugu plaza erraldoi honetan eta publikoaren artean honen garrantziaz sentsibilizatu.

Gure egitasmoak

Durangoko Azokaren 49. Edizioa ospatu da abenduaren 5 eta 8aren artean. Gu urtero joaten gara, baina gure helburua ez da salmenta izaten, baizik eta euskara teknologiaren bidez nabarmentzea eta egun teknologiaz baliatuz euskarak sarean dituen aukera eta dauden baliabideak erakutsi. Hau guztia, ekimen parte hartzaile eta gure eguneroko bizitzarekin erlazionatuta dauden beste jarduerekin lotuz.
Horrela, adibidez, Nik #KeinukaEuskarari, eta zuk? ekimenean azokako bisitariak argazki orma baten aurrean jarriz eta euskararen aldeko keinua eginez argazki bilduma erraldoia osatu genuen; eta Euskaltweetron makina asmatu genuen, euskaraz botatako Twitterreko txioak arto anotan bihurtuz; edo iazko Irritrukek, irribarreak jaso, aukeratutako irudiekin nahastu eta horiei lotutako bertso bat inprimitu eta oparitzen zuena.

Baina aurtengo egitasmoa guztiz ezberdina izan da eta gure egoitza eta lanaren arlo bat den Euskararen Etxea aurkeztu nahi izan dugu azokan. Euskararen Etxeak 10 urte bete ditu aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean eta horregatik ospakizun hori gizarteari zabaltzea izan da gure helburua.

Euskararen Etxea

Euskararen Etxean lan egiten da, baina baita euskararen inguruan jakinmina duen edozein bisitarientzat Euskararen Interpretazio Zentroa bertan dago eta doako bisita gidatuak eskaintzen ditugu. Durangoko Azokako publikoa bisita horietan interesatuta egon daitekeen taldea da. Bisita atsegina eta didaktikoa da, publiko motaren arabera edukiak doitzen dituena. Euskararen esperientzia bizitzeko aukera eskaintzen dugu eta bisita hau lau hizkuntzatan burutu daiteke.

Eta gainera, eraikinean urtearen hasieran egindako obra eta moldaketari esker, bi areto berri gehitu dizkiogu eta hauei esker, publiko zabalera zuzendutako jarduera kulturalak antolatzen dugu: erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak, musika ekitaldiak…

Beraz, 10 urte hauek ospatu eta etorkizunera begira Euskararen Etxeak badituela inoiz baino egitasmo eta gogo gehiago erakusteko, Durangoko Azokara eraman izan dugu.

Standa

Euskararen Etxea nabarmendu nahi izan dugu eta horretarako kokapen geografikoari garrantzia eman: alde batetik, jende askok, nahiz eta euskalduna izan, ez dakielako horrelako zentro bat esistitzen denik ere; eta bestalde, Bilbon bertan dagoelako eta merezi duen garrantzia eskuratzea delako gure asmoa, kosmopolita bihurtu zaigun Bilbo honen parean egon daitekeen beste eraikin bat izan daitekeelako.

EuskararenEtxea-DurangokoAzoka2014

Horregatik stand ikusgarria prestatu izan dugu. Honetan, Euskararen Etxea Bilbo erdialdeko eraikin ezagun eta nabarmenen artean sartu dugu bista panoramiko bat proposatuz, non Iberdrola dorrea, San Mames estadioa, Begoñako basilika, Isozaki dorreak, Deustuko Unibertsitatea edo Guggenheim Bilbao Museoaren artean Euskararen Etxea kokatzen dugun. Garrantzia eman eta hurbiltasuna azpimarratu nahi izan ditugu.

Eta guzti honekin batera bisitarako informazioa eskaini eta hurrengo astetan ospatuko ditugun jardueren berri eman izan dugu ere.

Jende asko pasatu da gure standetik eta lortu dugu behintzat Euskararen Etxean antolatzen ditugun ekimenen gaineko arreta eta interesa piztea.

EuskararenEtxea-panoramika-DurangokoAzoka2014

IMG_6905

Pupu eta Lore euskaraz jolasten! aplikazioa

Bestalde, Irrien Lagunak taldearekin lankidetzan garatu dugun tabletetarako aplikazio bat aurkeztu genuen ere abenduaren 8an Saguganbaran.

Azkue Fundazioa - Irrien Lagunak app: Pupu eta Lore euskaraz jolasten

Ume txikiak dauzkaten familiei zuzendutako aplikazioa da eta horren helburua da haurrek tablet eta horrelako gailuekin izango dituzten lehenengo esperientziak euskaraz izateko baliabideak eskaintzea, eduki didaktiko eta dibertigarriz landuta.

Pupu eta Lore euskaraz jolasten! aplikazioan Irrien Lagunak familiako bi pertsonaiarik gazteenak dira protagonistak eta oinarrizko fisika legeak eta hiztegitxoa ikasten dute istorio laburtxo batean.

Uxue Alberdik eta Julen Tokerok IRRIA aldizkarian argitaratutako “Gora ala behera” (Pupu eta Lore) ipuin animatua ikusteko aukera izateaz gain, haurrak irudi ezberdinetan eragiteko aukera izango du. Gainera, puzzleak egiteko eta marrazkiak margotzeko aukera ere eskura izango du.

Aplikazioa iOS eta Android sistemetarako garatu dugu eta dagoeneko badago deskargagarri Androiderako. Laster izango dugu iOSerako Apple Storean.

Hemen sakatu Androideko bertsioa deskargatzeko.

flickrHemen sakatu Durangoko Azokako argazki bilduma ikusteko.