Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Azkue Fundazioak euskarazko blogen lehiaketa antolatzen du
Azkue Fundazioak euskarazko blogen lehiaketa antolatzen du - Image

Abenduaren 16an Euskararen Etxean ospatutako prentsaurrekoan Blogetan! Euskal blogariak lehian ekimenaren ingurukoak azaldu dituzte Azkue Fundazioaren izenean Iurdana Acasusok eta ARGIAren izenean Gorka Bereziartuak.

Lehiaketaren helburua da euskarazko edukiak sarean areagotzeaz gain, blogari euskaldunen jarduera sustatzea eta blogarik onenak aukeratzea. Irabazleak publikoaren internet bidezko bozketa eta epaimahaiaren iritzien bidez aukeratuko dira.

Antolatzaileak

Lehiaketa hau Azkue Fundazioaren egitasmoa da, Argia aldizkaria laguntzaile duela. Bion arteko elkarlanari esker lehiaketa sustatu, zabaldu eta irabazleen aukeraketa egingo da.

Bi erakundeek izendatutako kideez osatuko da irabazleak aukeratuko dituen epaimahai aditua, blog eta interneteko komunikazioan jantzita dauden profesionalez.

Lehiaketaren ezaugarriak

Euskaraz idatzitako edozein blogarekin parte har daiteke lehiaketan eta Blogetan.com webgunea jarri dugu martxan lehiaketaren berri emateko eta aurkeztu nahi diren blogen izen ematea bideratzeko eta bozketa jasotzeko. Aste honetan bertan jarriko dugu martxan webgune hau eta izen emate prozesuari hasiera emango diogu, urtarrilaren 26 arte zabalik egongo delarik.

Lehiaketa honetan publikoak zeresan handia izango du, atsegin dituen blogak bozkatzeko aukera izango duelako eta finalistak aukeratzen parte hartu.

Kategoriak eta sariak

Blog euskaldunen jarduera saritu nahi du lehiaketak eta horregatik lau kategoria nagusi ezarri dira lehiaketa honetan:

  • Kultura arloko blogak (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza, gastronomia, enologia, musika …)
  • Gizarte eta Politika arloa (kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia, hezkuntza, zuzenbidea …)
  • Aisialdiarekin erlazionatutako gaiak (zaletasunak, kirola, bidaiak …)
  • Zientzia eta Teknologia (natura, osasuna, arkitektura , informatika…)

Kategoria bakoitzean sari bana emango da. Eta bosgarren sari berezi bat egongo da, euskal blogari berriarena, 2013an zehar sortutako blog berri bati emango zaiona.

Sariei dagokionez, bostek Bernat Vidal artistak Azkue Fundazioarentzat bereziki diseinatutako garaikur artelan bat jasoko dute. Eta baita 200 eurotako diru-txeke bana.

Eta blogari berria sariaren irabazleak, gainera, Argia aldizkariko blog sarean kolaboratzeko aukera izango du eta aldizkariko urte batetako harpidetza izango du ere.

Sari-banaketa ekitaldia eta jardunaldia

Sari-banaketa ekitaldia Bilbon ospatuko dugu martxoaren 6an eta blog komunitatea ardatz hartuta jardunaldi bat burutuko dugu.

Jardunaldia hasteko, interneteko komunikazioan eta blog arloan aditua den profesional baten hitzaldia izango dugu; ondoren, arlo ezberdinetako gure inguruko blog esperientzia ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu, bakoitzaren sortzaileek emango dizkiguten azalpenei esker; eta euskal blogintzari buruzko mahai-ingurua ospatuko dugu.

Jardunaldia bukatzeko, lehiaketa honi dagozkion sariak banatuko ditugu.

  Aurkezpeneko irudi galeria ikusteko

Tags: argiablog lehiaketablogetanblogetan! blog izarren bilaeuskarazko blogak