Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Azkue Fundazioak Bikain Urrea, goi mailako ziurtagiria, jaso du
Azkue Fundazioak Bikain Urrea, goi mailako ziurtagiria, jaso du - Image

Azkue Fundazioak Bikain ziurtagiriaren Goi maila, Bikain Urrea, jaso zuen atzo Donostiako Kursaal Jauregian burutu zen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien banaketa ekitaldian.

Iurdana Acasuso zuzendariak hartu zuen Bikain agiria, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik.

Bikain ziurtagiri ofizial eta publikoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Duela bederatzi urte sortutako ekimena da eta une horretan berritzailea izan zen, euskara enpresetako kalitate prozesuekin eta kudeaketarekin lotzea ekarri baitzuen.

Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da eta udazken honetan zehar ekin izan diogu horri. Ebaluazio horretan hizkuntzaren kudeaketa nola gauzatzen den ziurtatzen da, lau ardatzen arabera: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboaren alorra, kanpo eta barne harremanak eta lan egiteko hizkuntzaren kudeaketa.

Gai hauek neurtu eta ebaluatuta, hiru motatako ziurtagiria lor dezakete enpresek: Oinarrizko maila edo Bikain beltza, tarteko maila edo Bikain Zilarra eta Goi maila edo Bikain Urrea. Azkue Fundazioak Goi maila edo Bikain Urrea lortu du.

Bederatzi urteko ibilbidean, 313 dira Bikain Ziurtagiria eskuratu duten enpresa eta erakundeak. Guztira, 58.466 langile inguruk behar egiten dute Bikain ziurtagiria duten enpresetan.

Atzokoan, 52 enpresek jaso genuen euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren kalitatea aitortzen duen ziurtagiri hau; 19 entitatek urrezko Bikain, 22k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta 11k oinarrizko mailari dagokiona. Ziurtagiria aurten eskuratu dugun enpresetan lanean ari garen langileak berriz, 21.490 gara.

Gurekin batera lortu dutenen artean, besteak beste, Laboral Kutxa, Guggenheim Bilbao Museoa eta Puntueus Fundazioa daude. Baina arlo guztietako enpresak daudela esan beharra dago: Berriz eta Elgoibarko Udalak, Osakidetzako zenbait unitate eta industria nahiz zerbitzuetakoak, garraioetakoak, hezkuntzakoak…
Aurten ziurtagiria lortu duten enpresen %12a ‘finantzak eta beste enpresa jarduerak’ arlokoak dira, %9a hezkuntzaren mundukoak eta %8a osasunaren arlokoak. Beste esparruetakoak honela banatzen dira: kultura, %6a; ‘garraioa eta merkataritza’, %6a; gizarte-zerbitzuak, %5a; industria, %5a; eta administrazioa, %2a.

Bikain ziurtagiria 2016

 

Azkue Fundazioak euskara sarean zabaltzeko ekimen eta egitasmoak bideratzen ditu eta euskara da gure egunerokoan komunikazio eta lanerako hizkuntza. Beraz, ziurtagiri hau errealitate baten irudikapen ofiziala da.

Aurten Bikain Ziurtagiria jaso duten enpresen zerrenda osoa.

 

Tags: Bikain Urreabikain ziurtagiriaeuskararen kudeaketa