Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Azkue Fundazioak Jakina! online trivial formatoko jokoa aurkeztu du
Azkue Fundazioak Jakina! online trivial formatoko jokoa aurkeztu du - Image

Azkue Fundazioak Jakina! Euskal tribiala online jokoa aurkeztu du. Jakina! Euskal tribiala da, formatu honetan internet bidez jokatzeko sortu izan den lehenengo jokoa euskaraz.

Jokoaren helburua da erreminta atsegin, dibertigarri eta didaktikoa eskaintzea , jokoaren bidez  euskaldunon arteko harremana sendotzeko.

Jokoaren ezaugarriak

Jakina! zortzi gaien inguruko galderaz osatuta dago: Euskara eta literatura; kirola eta aisialdia; zientzia eta teknologia; geografia eta historia; kultura eta artea; zinema eta ikuskizunak; gizartea eta ohiturak; eta musika eta dantza.

Jokatzeko hiru zailtasun maila dauzka eta jokalariak aukeratzen du zeinean aritu nahi duen eta zenbat gaien inguruan jaso nahi dituen galderak. Gai bakoitzeko Euskal Herriko eta nazioarteko galderak nahastu egiten dira.

Jokoan batetik eta sei jokalari artean lehia daitezke eta partidak publikoak edo pribatuak izan daitezke. Gainera, antolatzaileek ere partiden txapelketak lotu ditzakete.

Jakinak hamaika baliabide eskaintzen ditu jokalarientzat: dagoeneko osatuta dagoen partida baten sartzeko aukera izango dute edo partida berria sortu; gainera,  jokalari bakoitzak bere kontua kudeatu ahal izango du eta bere jarduerari buruzko estatistikak ikusi; eta baita lagunen zerrenda osatu plataforman, erraz-erraz gonbidatu ahal izateko partidetara.

Jokalarien arteko sailkapena agertzen du ere plataformak eta baita osatu eta martxan dauden txapelketen berri ematen da ere.

Jokoaren dinamika ohiko mahai gaineko trivialaren antzekoa da: behin gaiak aukeratuta daudenean, taulan dadoa bota eta gai bakoitzarekin lotuta dauden kolore ezberdinetako koadrotxoetan zehar mugitu behar dira fitxak, gai bakoitzeko gaztatxoak lortzeko.

Asmatutako galdera guztiek puntuak ematen dituzte , jokalariaren txanda ez izan arren. Eta dagokion txandan garaiz eta egoki erantzuten ez dituzten galderak galdu egingo dituzte.

Gaztatxoak jokalariari dagokion txanda denean bakarrik lor ditzake, zirkunferentzian dauden lauki handien galderei ondo erantzunez. Hauek ere galdu egin ditzake, bere txandan galdera gaizki edo berandu erantzuten badu.

Gai guztietako gaztatxoak lortu ostean, erdiko laukiaren galdera ondo erantzuten duenak irabaziko du.

 

Garapena eta aukerak

Azkue Fundazioak Saure argitaletxearekin batera garatu du egitasmo hau.

Aukera handiak ikusten diogu Jakina! Euskal Tribiala jokoari, aplikazio ezberdinak izan ditzakelako euskara ikasi edo sustatzeko: hezkuntza mailan eta baita aisialdirako ere.

Azkue Fundazioak txapelketak antolatuko ditu datozen hilabetetan erreminta hau ezagutzera emateko eta honen inguruko garapen berriak garatzeko asmoa du ere.