Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Azkue Fundazioak, Banden Lehiako aurreko edizioko irabazlea, Larregi taldearen disko berria aurkeztu du
Azkue Fundazioak, Banden Lehiako aurreko edizioko irabazlea, Larregi taldearen disko berria aurkeztu du - Image

Azkue Fundazioak Larregi rock banda arratiarraren Pantomima izenburupeko diskoa aurkeztu du gaur Euskararen Etxean.

Larregi taldeak Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika txapelketako 2014ko seigarren edizioko irabazlea suertatu zen eta taldeak jaso zuen hiru sarietako bat disko bat ekoiztea izan zen. Ia urtebeteko lanaren ondoren, uzta aurkezten digute.

Pantomima izenburuko lan hau hirugarrena da talde honen historian. Baga Biga musika ideiak  diskoetxearekin ekoiztu dute, udaberrian Usurbilgo Higain estudioan grabatuz, Haritz Harreguyren gidaritzapean. Bederatzi kantaz osatutako lana dugu.

20151001_110624

Banden Lehia, aurten berrikuntza nabarmenekin

Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

2015ean lehiaketa honen zazpigarren edizioa ospatzen dugu eta aurten hainbat berrikuntza jarri ditugu martxan.

Banden Lehiak, euskara, musika eta teknologia lotzen ditu. Eta horrela, hirugarren osagai honek, teknologiak, garrantzi handia dauka garapenean. Arlo honi erreparatuz, Banden Lehiako webgunea .eus domeinupera bideratu dugu jada; irudi berria sortu eta webgunea goitik behera aldatu dugu; eta azken hau responsive design deituriko beharrak betetzen ditu eta eramangarri, tablet eta mugikorretatik erosotasunez nabigatu ahal izateko prestatu dugu.

Bestalde, lehiaketaren garapenean ere hainbat aldaketa ezarri ditugu aurten.

Lehenengo fasea internet bidez garatzen da eta talde parte hartzaileek sarea erabiliz ematen dute izena lehiaketan. Publikoak ere kantak zuzenean entzuteko aukera dauka lehiaketako webgunean eta baita botoak eskaintzeko ere. Lehiaketako lau finalistak fase honetatik ateratzen dira, epaimahai profesionalaren iritziarekin batuz. Edizio honetan erabaki horretarako formula aldatu dugu eta publikoaren bozketaren emaitzei esker talde bakarra sailkatuko da; beste hiru taldeak epaimahaiak aukeratuko ditu.

Zazpigarren edizio honetako epaimahaia, aurrekoetan bezala, musika arloko profesionalez osatuta dago. Aurten epaimahaikideak hauek izango dira:  Ritxi Aizpuru (musika editorea; Baga Biga musika ideiak diskoetxeko arduraduna); Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko kidea); Leire Palacios (musika kazetaria) eta Gaby Salaberry (Last Tour).

Lehiaketako edizio honetako irabazlea zein izango den azaroaren 27an ospatuko dugun ekitaldi publikoan jakingo dugu. Gau horretan finala izango da Bilborocken eta lau taldeek zuzeneko emanaldia eskainiko digute. Bai publikoa eta bai epaimahaia bertan izango dira eta taldearen musikaz gain, jarrera eta jokaera baloratu behar izango dute. Irabazlea erabakitzeko modua berriro ere bion iritziaren batuketaz izango da: publikoaren botoak %40a balio izango du eta beste %60a epaimahaiaren iritzia.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat finaleko bozketa-sisteman emango da: publikoak botoak Twitter sare sozial erabiliz emango dituzte. Talde finalista bakoitzak txio kopuru jakin bat sortuko ditu finala egunean eta jarraitzaileek txio horiek bir-txiokatuz eskainiko die botoa.

Sariei dagokionez, zazpigarren edizio honetako talde irabazleak honakoak jasoko ditu: Baga Biga musika ideiak diskoetxearekin disko bat ekoiztuko du; 2016ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du. Gainera, lau banda finalistek Azkue Fundazioan sortzen dugun edizio honetako Banden Lehiako bilduma diskoaren aleak ere jasoko dituzte.

Larregi taldearen Pantomima diska

Gaur aurkeztu dugun lana 2014ko Banden Lehiako seigarren edizioan irabazle suertatzeari esker sortu da. Baga Biga musika ideiak diskoetxeak ekoiztuta, udaberrian Usurbilgo Higain estudioan grabatuz, Haritz Harreguyren gidaritzapean. Bederatzi kantaz osatutako lana dugu eta Pantomima izenburua jarri dio taldeak.

Diska honetako letra eta musika guztiak taldearenak dira, 57 izenburua duen kanta izan ezik; honek Biffy Clyro taldearen izenburu berdineko kantan du oinarria. Eta lagun talde handi baten laguntza izan dute hainbat kantetan: Urtz taldeko Xabi, Eskean Kristö talde lagun-mineko Pello, Gatibuko Iñigo…

Larregi azala

Larregi taldearen aurkezpen honetan, taldeko kideak, Azkue Fundazioko zuzendaria, Iurdana Acasuso; Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru arduraduna; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria den Ana de Castro egon dira.

Azkue Fundazioko zuzendariak aurkezpena egin du eta lehiaketaren laburpena egin. Ondoren Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk diskoari buruzko informazio tekniko eta artistikoa eman du. Eta ekitaldia bukatzeko, gaurko protagonistak diren taldekideak, bai lan honen grabazioan, Banden Lehia parte hartu izana eta bai Bilbao BBKLiven jotzearen esperientziaz aritu dira.

Taldeak asteburu honetan bertan ospatuko du disko hau aurkezteko lehenengo zuzeneko kontzertua.

Tags: baga bigabanden lehiabilbao bbkliveeuskal musikairabazleaklarregipantomima