Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Webgune honek .eus domeinua izango du laster
Webgune honek .eus domeinua izango du laster - Image

Urtetako prozesu luze baten ondoren, ICANN erakundeak 2013an .eus domeinua onartu zuen. Orain domeinu hori izango duten webgune aitzindarien taldearen aukeraketa prozesua burutu da eta Azkue Fundazioaren webgunea talde honetan egongo da.

ICANN erakundea Internet Corporation for Assigned Names and Numbers izenari dagokion akronimoa da. Besteak beste, IP helbideak esleitzeaz eta domeinu-izenen sistema kudeatzeaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundea da. Erakunde hoekin jarraitu izan da .eus domeinuaren eskaria.

eus-logoa

 .eus domeinua mundu mailako hizkuntza normalkuntzarako tresna izango da eta interneten euskara beste hizkuntzen mailan kokatuko da horren bidez, gure hizkuntza sustatzeko erreminta bihurtuz. .eus Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen izena izango da interneten.

Eskaera prozesua bideratzeko PuntuEus Elkartea sortu zen 2008an. Ondoren, PuntuEus Fundazioa. Ibilbide luzea, beraz, elkarte honek egin behar izan duena ICANNek onespena eman arte. Baina lortu da!

2013ko ekainaren 14an onartu zuen ICANN erakundeak .eus domeinuaren eskaria; ia beste urte betez lanean ibili dira baldintza tekniko eta administratiboak prestatzen.

Eta 2014ko apirilaren 15ean bide luze honen azken faseari ekin zitzaion, benetan .eus domeinuaren ezartzea eta erabiltzen hasteko fasea: www.domeinuak.eus webgunea martxan jarri eta .eus domeinua euskal komunitateari ireki. .eus domeinuak erregistratzeko hurrengo prozesu honi hasiera emateko, aitzindarien programa ezarri zuten: sei hilabetez 90 aitzindarik izango dituzte .eus domeinua erabiltzen hasteko ohorea. 90 webgune aukeratu izan dira .eus domeinua estreinatzeko. Azkue Fundazioaren webgunea talde honetan dago.

91 webgune onartu dira aitzindarien talde honetan azkenean, 110 eskaera jaso ondoren. Orain, arlo administratibo eta teknikoko gaiak bideratu ondoren, hauen erregistroa burutu eta ekainaren 21etik aurrera .eus domeinuko lehenengo webguneak izango ditugu. azkuefundazioa.eus laster zuekin!

Sei hilabete barru abiarazte-aldia zabalduko da eta .eus komunitateari lotutako beste elkarte, enpresa, erakundeei… zabalduko zaie domeinua erregistratzeko aukera. Ondoren, eta azken fase moduan, fase irekia zabalduko da eta horretan publiko orokorrak eskuratuko du .eus erregistratzeko eskubidea.