Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Azkue Fundazioak sareko ekintzailetzari buruzko jardunaldia ospatu du
Azkue Fundazioak  sareko ekintzailetzari buruzko jardunaldia ospatu du - Image

Jakintza Librearen laugarren Jardunaldiak honako izenburua izan du: “Ausar zaitez! Salto egin eta sarean jauzi!”. Euskal Herriko ekintzaile digitalak, Didac Lee ekintzailea eta Alex Txikon alpinista egon dira bertan.

Didac Lee-k eman du jardunaldiko lehenengo hitzaldia. Lee FC Barcelona taldeko teknologia berrien zuzendaria da, baina horrez gain, mundu mailan oinarri teknologikodun ideiak sortzen dituen Inspirit enpresa eratu du.

Didac Lee, FC Barcelona taldeko komunikazioaren teknologia berrien zuzendaria eta enpresa teknologikoen “Inspirit” izeneko holdingaren eratzailea. Bera izan da Azkue Fundazioak antolatu dituen IV. Jakintza Librearen Jardunaldietako gonbidatu berezia.

 

Aurtengo jardunaldiari izenburu hau eman zaio: “Ausar zaitez! Salto egin eta sarean jausi”. Jorratu den gai nagusia esparru digitaleko ekintzailetza izan da, eta ideia jakin bat zabaldu da: Internetek aukerak ematen dituela oinarri teknologia duten negozio berriak sortzeko, eta aukera horiek askoren esku daudela.

Euskal Herrian esparru digitalean sortu diren ekimen berrienetako batzuen ordezkariak ere izan dira jardunaldian, euren esperientziak partekatzen. “Elkarrizketak ekintzaileekin” izeneko atalean gure inguruan sortutako eta sendotutako ekimenen ordezkariak izan dira: Ideateca; Practice Your Music; Blog onBrands eta Minigotes enpresetako ordezkariek hitz egin dute.

Unai González Practice Your Music enpresaren ordezkaria izan da. Enpresa honek izen bereko aplikazioari eman zion izena, “PracticeYourMusic” izenekoari. Duela hiru urte hasi ziren sortzaileak aplikazioan lan egiten, eta Microsoft-ek bere sistema eragilearen azken bertsioan, Windows 8n, sartu du. Aplikazioa tabletetan ere erabil daiteke. Practice your music musika praktika sustatzen duen aplikazio interaktiboa da eta honen bidez musikari batek partitura bat interpreta dezake eta, aldi berean, banda batek lagunduko dio pantailaren beste aldetik.

Haritz Rodríguez Blog onBrands egitasmoaren ordezkaria da. Enpresa berez plataforma bat da, blogariak markekin lotzen dituena. Haritz Rodríguez kazetaria da eta Interneti eta komunikazioari lotutako beste proiektu batzuk ere jarri ditu abian, hala nola: Transistoria edo Barking Blogs agentzia.

Eta, hirugarren egitasmoaren aldetik, Lander Balzak Minigotes  enpresaren izenean parte hartu izan du. Bilboko enpresa gazte hau hiru ekintzaile gaztek sortu dute; diseinu-estudio honek Paper-Toys direlakoak sortzen ditu eta gero Internet bidez saltzen ditu.

 

Jardunaldiaren amaieran Alex Txikon alpinista bizkaitarrak hitzaldia eman du. Aste bat besterik ez da Txikon Lhotse-ko bere azken espediziotik bueltan dagoela gure artean, tontor egitea lortu ondoren eta abentura honetan une latzak pasatuta. Erronka berri bati hasiera emateko bidaiatuko da berriro, K2 mendira oraingo honetan. Aukera aparta izan dugu beraz, Alex Txikonen abenturei buruz gehiago jakiteko eta horrelako espedizioetan bizi diren egoeraz ikasteko.

Alexen hitzaldian jauzi egiteko eta ekiteko beharrezkoa den motibazioa ere hartu izan dugu. Alexen espedizioen babesleetako bat Azkue Fundazioa da.

 

Euskara Sarean! Ideien lehiaketa

Gainera, IV. Jakintza Librearen Jardunaldiarekin batera Azkue Fundazioak “Euskara sarean!” izeneko ideien lehiaketa burutu du. Lehiaketa honen helburua izan da Interneten eta oro har teknologia berrietan euskararen erabilera bultzatzea, baina baita erabiltzaileek proposatzen dizkiguten ideiak zabaltzea ere. 

Ideia ezberdinak aurkeztu izan dira eta jardunaldian bertan parte hartzaileek hiru finalistetatik onena aukeratu dute. Hauek izan dira finalistak: Irontec enpresak aurkeztutako Euskaratu itzulpengintza laburren egitasmoa; Bi tantaren euskal merchandising proiektua; eta La Machine Graficaren egitasmoa. Parte hartzaileek emandako botoei esker egitasmo irabazlea Bi tantaren euskal produktuena izan zen.

 

 

 

 

Jardunaldia Oihan Vega esatari eta aurkezleak gidatuta burutu da eta parte hartzaileak izan dira une guztietan jardunaldiaren dinamika bideratu izan dituztenak bozketaren bidez.

Jardunaldi praktikoa suertatzea izan da Azkue Fundazioaren helburua eta agertu izan diren ekintzaile ezberdinen aholkuak eta gomendioak jasotzera bideratuta egon da, elkarrizketa sustatu eta guztiz parte hartzailea izanez. Aurtengoan helburu hauek bete izan ditugula uste dugu.

 

Jardunaldiaren argazki bilduma ikusi