Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Banden Lehia 2011 lehiaketa martxan jarri da
Banden Lehia 2011 lehiaketa martxan jarri da - Image

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatutako musika-lehiaketa honetan —Azkue fundazioaren, BBKren eta Last Tour Internationalen laguntzaz—, euskara eta teknologia berriak uztartzen dira, tokiko banda euskaldunen jarduera sustatuz. Bada, Aldundiak hirugarren ediziorako deia egin du. Aurtengo edizioan, sari garrantzitsuak egongo dira; sari horiek Interneten erabiltzaileentzat gustukoenak diren bandentzat izango dira.

Gaur goizean Miren Dobaran Kultura Foru Saileko Euskara zuzendariak Banden Lehiaren hirugarren edizioa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoan. Lehiaketa horretan, musika-banda euskaldunen jarduera sustatuz, bi helburu lortu nahi dira: euskara eta teknologia berriak uztartzea eta benetako 2.0 administrazioa izatea.

Iaz 75 musika talde inguruk hartu zuten parte, eta 40.000 erabiltzailek bisitatu zuten Banden Lehiaren web gunea, ia hilabetean. Aurten ere partaidetza handia espero da kontuan hartuta irabazleek BBK LIVEn jotzeko aukera izango dutela.

Banden Lehia bi fasetan egiten da; amaieran, agur modura, finala dago: abenduaren 2an, Bilborock aretoan, taldeek zuzenean joko dute (egun hori Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera da). Era horretara, Bizkaiko Foru Aldundiak bat egiten du egun hori ospatzeko ekitaldiekin, eta gazteengana hurbiltzen da.

Lehiaketaren lehenengo fasean, lau banda aukeratuko dira, finalera pasatuko direnak: publikoak horietako bi aukeratuko ditu, webgunean emandako botoen bitartez, eta, beste biak, epaimahaiak (musika arloko profesionalek osatua).

Final handiaren egunean, zuzenean joko dute lau bandek, eta irabazlea publikoaren eta epaimahaiaren botoen bidez aukeratuko da. Botoa emateko sistemak osagai teknologiko bat izango du; izan ere, botoak talde bakoitzari esleitutako telefono-zenbakietara egindako dei galduen bidez zenbatuko dira.

Finalista guztiek jasoko dute saria, eta, aurten, talde irabazleak aukera izango du BBK Live jaialdian jotzeko; horrez gainera, diru kopuru bat jasoko du musikako materialean gastatzeko. 

Hala, Bizkaiko Foru Aldundiaren programa hau behin betiko indartu eta sendotzen ari da gazteen partaidetza masiboari esker. Musika taldeen kalitateari dagokionez esan behar da iaz finalera heldu zen taldeetako batek (Encore taldeak) hainbat sari irabazi dituela dagoeneko. “Beraz, euskaraz egiten diran rocka eta beste musika mota batzuk be indartsu dagoz”, nabarmendu du Miren Dobaran Aldundiko Euskara zuzendariak. Internet bidezko aukeraketaren ondoren, finalerako kontzertua egingo da Bilborocken.

Gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoan Dobaranek Banden Lehia 2011 aurkeztu duenean esan duen bezala, lehiaketak bi helburu ditu: euskara eta teknologia berriak uztartzea eta benetako 2.0 administrazioa izatea.

Batetik, teknologia berrietan euskararen presentzia areagotzea da helburua. “Euskarak hizkuntza bizia izan nahi badau, gazteen eguneroko aisialdiko jardueretan erabili behar da, eta, BANDEN LEHIAri esker, gazteek era natural batean erabilten dabe euskara, musika eta teknologia barriak gustoko dituelako”, esan du Dobaranek.

Bestetik, Banden Lehia programa interaktibo bat da, eta benetako protagonistak herritarrak dira, kasu honetan gazteak. "gazteek eurek sortzen ditue abestiak, bideoak eta perfilak, eta internetera igoten ditue; gero, euren artean lortuten ditue botoak, lagunen partaidetza sustatuz. Musikaren kalidadea ebaluatzeko epaimahai bat egon arren, programa honetan, batez be, partaidetza bultzatu nahi da”, adierazi du amaieran Euskara zuzendariak.

Último día Banden Lehiaren 2010eko edizioa irabazi zuen taldeak jarri du musika; izan ere, zuzenean jo dute lehiaketaren aurkezpenean, Rekalde Aretoan.

Banden Lehiako promozio bideoa:

 

Egin bat sarean Banden Lehiarekin!

 

Argazki bilduma hemen

Prentsan/sarean:

Bizkaie
Bizkaimedia

Europa Press

Aurkezpen prentsaurrekoko bideoa: