Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Durangoko Azokako 47. edizio arrakastatsua Azkue Fundazioarentzat ere
Durangoko Azokako  47. edizio arrakastatsua  Azkue Fundazioarentzat ere - Image

Aurtengo Durangoko Azokako edizioa 47.ena izan da eta Ijitoen kultura izan da gonbidatu berezia.

Antolatzaileen balantzea oso ona izan da eta 2012a urte zaila izan bada ere, Azokak inoiz baino arrakasta handiagoa izan du; erakusle, editore, sortzaile eta saltzaileak pozik agertu dira, espero baino salmenta handiagoak izan dituztelako.

Aurtengo Azokak egun bat gutxiago izan arren, iazko bisitari kopurua gainditu egin da eta 114.200 baino bisita gehiago izan dira Landako erakustazokan.

Berrikuntza ugari izan dira edizio honetan: azoka telebista etengabe emititzen, Irudieneako bigarren urtean film gehiago eta eduki aberatsagoak, [email protected] gune berria…

Gure aldetik ere eta urtero bezala, egitasmo berezi batekin joateko asmoa geneukan eta horren inguruko helburu batzuk betetzea. Eta balorazioa oso ona izan da ere, helburu hoiek bete izan ditugulako.

Gu ez gara ez saltzaile, ez editoreak. Gure egitasmoek euskara eta teknologia lotzea dute helburu eta oso mota ezberdinetakoak izaten dira. Horrela, Durangoko Azoka aukera paregabea da guretzako: gure lana gizarteratzeko, gure egitasmoen berri emateko, euskararen erabilpena teknologian sustatzeko (internet, sare sozialak…), eta beti ikuspegi zabal batetik: bisitarien parte hartzea sustatuz, ekimen dibertigarri bat azalduz eta hausnarketarako gaiak eskainiz.

Aurtengo egitasmoa #euskaltweetron makina izan da. Makina hau lehenengoz Euskal Encounterrean erabili genuen, baina oraingoan horren moldaketa egin izan dugu, Durangoko Azokako behar zehatzetara egokitzeko.

Euskaltweetronak euskaraz botatzen diren Twitterreko txioak jaso, prozesatu eta arto txigortuan bihurtzen ditu, labur azalduta.
Bisitari eta interneteko erabiltzaileen euskarazko txioak hartu, grafikoki prozesu osoa adierazi eta makinak muturrean arto txigortua botatzen zuen txioei esker. Arto anoak banandu egiten genituen bisitarien artean.

Ekimen parte hartzailea, berritzailea eta dibertigarria, beraz. Makina erraldoiak bisitarien atentzioa deitzea lortu zuen eta lehenengo egunetik azkenengora jendetza ugari izan genuen gure txokoan: batzuk, teknikaren garapenagatik arduratuta, prozesua zuzenean ikusi nahi zuten; beste batzuk ekimenean parte hartu nahi zuten; jende nahiko han bertan enteratu zen Twitter euskaraz erabil dezakegula uda partetik; eta beste bisitari ugari, jakinminagatik gelditzen ziren stand-ean, zer zegoen jakiteko.

Guztira, 13.000 arto txigortu ano banatu izan ditugu lau egun horietan, ia 550 kilo arto. Nekagarria, baina pena merezi izan du Azokako giroa berotzen laguntzeko; edonondik ikusten ziren bisitariak arto kukurutxoekin eskutan, paseatzen zuten bitartean.

Beste urte batez gure helburuak betetzea lortu izan dugu eta jada bagaude datorren urteko egitasmoan pentsatzen.

Egitasmoaren bideoa hemen duzue: