Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Eskean Kristö taldea suertatu da Banden Lehia 2013ko irabazle
Eskean Kristö taldea suertatu da Banden Lehia 2013ko irabazle - Image

Azaroaren 29an Bilborocken ospatutako Banden Lehia 2013 edizioko finalean Eskean Kristö taldea izan zen irabazle, bai publikoa eta bai epaimahaiaren erabakiei esker.

Jai erraldoia ospatu genuen ostiralean Banden Lehiako finalerako. Lau taldeak primeran aritu ziren: Iseka, Ukan, Urgatz eta Eskean Kristö. Eta Vendetta talde gonbidatua izan genuen eta kontzertua eskaini zigun eta gaua berotu ere bai.

Amaia Artetxe eta Oihan Vega esatariek aurkeztuta, gau osoan zehar Bilborock aretoa beteta izan genuen eta giro ezin hobeaz disfrutatu genuen. Jai animatua izan zen eta aretoko kanpoaldean kokatutako photocall-ean ere jendea etengabe aritu zen argazkiak egiten.

Lau taldeak oso ondo ibili ziren oholtza gainean, zozketatutako hurrenkeran hogei minutuz beraien kontzertuak eskainiz. Laurok euren jarraitzaileak izan zituzten aretoan eta giro paregabeaz gozatu genuen.

Epaimahaikideak bertan zeuden eta taldeen maila onaz ohartu ziren: Baga-Bigako arduraduna den Ritxi Aizpuru; Last Tour Internationaleko Zaloa Zabala; Gatibu taldeko Haimar Arejita eta Andres Portero kazetaria.

Banden Lehiak garapen teknologiko izugarria eskatzen du finaleko ekitaldirako: publikoak botoa emateko eta erabakian parte hartzeko eskubidea dauka, talde bakoitzari esleitzen zaion telefono zenbaki batetara dei galduak eginez.

Han berton zeudenak eta baita talde bakoitzaren herritik jarraitzaileek etengabe bozkatzen ibili ziren, gau osoan zehar, une batzuetan telefono konpainietako sareak blokeatuz.

Guztira 10.000 dei galdu zuzen baino gehiago jaso ziren. Hauen arabera, Eskean Kristö talde arratiarra izan zen lehenengoa, 3.309 dei jaso zituela; Iseka zumaitarrak 2.804 dei izan zituen; Uribe Kostako Ukan taldeak 2.212 dei; eta Urgatz bermeotarrak 1.745.

Epaimahaikideek ere nahiko argi izan zuten nork irabazi behar zuen eta Eskean Kristöri eman zizkieten ere puntu gehien.

Beraz, 2013ko edizioko Banden Lehiako irabazlea Eskean Kristö taldea da.
Beraiek disko bat ekoiztuko dute eta 2014ko Bilbao BBKLive jaialdian kontzertua eskainiko dute.

Jaia giro ezin hobean bukatu genuen, Vendettaren kontzertua izan bait genuen. Inoiz baino jende gehiago bildu zen Bilborocken Banden Lehiako finala baten.

Banden Lehia 2013ko datuak

Aurten aurreko edizioetan baino banda gutxiagok parte izan dute; 24 izan dira guztiak, baina denak kalitate handikoak. 91 mp3 fitxategi argiratatu izan dituzte lehiaketako webgunean.

Webgune honek, lehiaketak irauten duen hilabete eskasean 6.700 bisita baino gehiago izan ditu eta ia 46.000 orrialde ikusi izan dira.

Ondorioak

Inoiz baino jende gehiago egon zan Banden Lehiako finala zuzenean ikusten eta aurtengo edizioko balantzea oso ona da guretzako: taldeen mailagatik, finalean bizitakoagatik eta izandako jarreragatik, publikoaren harreragatik…

Parte hartu izan duten banda guztiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu eta aipamen berezia finalera heldu diren lau taldeentzat: Iseka, Ukan, Eskean Kristö eta Urgatz.

Eta gure zorionik beroenak Eskean Kristö irabazlearentzat! Laster elkar ikusiko dugu berriro ere lanean!

 

Flickr-eko argazki bilduma ikusteko

 

 

Tags: banden lehiabbklivelehiaketamusikasariak