Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Eskean Kristö taldearen “Azote kaldüz” disko berria aurkeztu dugu
Eskean Kristö taldearen “Azote kaldüz” disko berria aurkeztu dugu - Image

Eskean Kristö rock banda arratiarraren “Azote kaldüz” izenburupeko diskoa aurkeztu dugu gaur Euskararen Etxean.

Eskean Kristö urtero antolatzen dugun Banden Lehia musika txapelketako aurreko edizioko irabazlea suertatu zen eta taldeak jaso zuen sarietako bat disko bat ekoiztea izan zen. Ia urtebeteko lanaren ondoren, uzta aurkezten digute.

Banden Lehia

Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz. Horrela, lehiaketak interneten dauka bere islapen zati handi bat, lehenengo fase osoa sarean ospatzen bai da: taldeek internet bidez izena ematen dute lehiaketako webgunean eta publikoak aukera dauka banda bakoitzaren kantak sarean entzuteko webgune horretan eta talde gogokoen alde botoa emateko. Publikoak lau talde finalistetatik bi aukeratuko ditu; musika arloan adituak diren profesionalez osatutako epaimahaiak beste bi taldeak aukeratzeaz arduratuko da.

Eta lehiaketaren irabazlea aukeratzeko finala ekitaldi publikoa da. Lau banda finalistek zuzeneko kontzertua eskaintzen dute eta publikoak talde bakoitzari esleitzen zaion telefono zenbaki bati dei galduak eginez botoa ematen du. Epaimahaiak kontzertuak ikusten ditu zuzenean ere eta bion artean erabakitzen da zein izango den euskal talde amateurrik onena.

Lehiaketak badu, beraz, alderdi teknologiko handia eta euskal musika talde amateurren lana ezagutzera ematen da mundu digitalean ere.

Urtez – urte lehiaketak hobekuntzak izaten ditu eta sariak gero eta hobeagoak dira. Horrela, 2013ko pasaden bosgarren edizioan, talde irabazleak disko bat ekoiztu eta Bilbao BBKLive jaialdian jotzea lortu zuen. Eskean Kristök uztailan eskaini zuen kontzertua Bilbao BBKLiven.

Eskean Kristö

Gaur aurkeztu dugun lana 2013ko Banden Lehiako edizioan irabazle suertatzeari esker sortu da. Baga-Biga diskoetxeak ekoiztuta, Andoaingo Garate estudioetan egin dute grabaketa, nahasketa eta ekoizpena Martxel Arkarazo soinu teknikariaren gidaritzapean 2014ko udaberrian eta udan. “Azote kaldüz” izenburua jarri diote taldearen lehenengo disko honi. Hamar kantaz osatuta dago.

Eskean Kristö taldea 2012an sortu zen Arratia bailaran eta talde honen rockak gorputza eta sakontasuna du. Garai bateko rockaren zantzuak, zintzur apurtuaren zertzeladak, gitarraren kolore eta oinarrien kolpea, kilikaria, kateatzailea … Eskean Kristö taldeak kaleko hizkera gertutik bizi du, esan nahi duen gauzetan eta nola esaten direnetan ere bai.

Bost lagunek osatzen dute taldea: Pello Artabe, ahotsa;  Alex Harillo, gitarra ; Aritz Ontalvilla, gitarra; Peio Artetxe, baxua; eta Imanol Arrese, bateria.

 EskeanKristo

“Azote kaldüz” lanaren aurkezpena

Eskean Kristören aurkezpen honetan taldea bera, Azkue Fundazioko zuzendaria, Iurdana Acasuso; Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru arduraduna; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria den Ana de Castro egon dira.

Azkue Fundazioko zuzendariak aurkezpena egin du eta lehiaketaren laburpena egin. Ondoren Ana de Castrok hitza hartu du Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean.  Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk diskoari buruzko informazio tekniko eta artistikoa eman du. Eta ekitaldia bukatzeko, gaurko protagonistak diren taldekideak bai lan honen grabazioan eta bai BBKLiven jotzearen esperientziaz aritu dira.

Taldeak bihar bertan ospatuko du disko hau aurkezteko lehenengo zuzeneko kontzertua Bilboko Kafe Antzokia aretoan.

Entzun edo deskargatu “Hona Gona Gori” aurrerapen abestia mp3an

eskean-kristo-azala-72ppp

flickr

Aurkezpeneko argazki bilduma ikusi