Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Hamaika Telebista eta Azkue Fundazioak hitzarmena izenpetu dute 11.bit saio teknologikoa egiteko
Hamaika Telebista eta Azkue Fundazioak hitzarmena izenpetu dute 11.bit saio teknologikoa egiteko - Image
Gaur, martxoak 11, Azkue Fundazioak eta Hamaika Telebistak datorren asteazkenetik aurrera emisioan egongo den 11.bit saio berria aurkeztu dute.
2009ko otsailean Hamaika Telebistak emisioei ekin zienetik, hainbat urrats eman dute Bilbon hasita ahalik leku gehienetara heltzeko. Telebista desberdin, euskaldun, urbano eta gaztea eratu dute ordutik. Eta horiek guztiek bete-betean bat egiten dute Azkue Fundazioan egiten dugun lanarekin, gure hizkuntza sarean josi eta eremu guztietara iristeko asmoan.
 Elkarlan horren ondorioa aurkeztuko da gaur egindako hitzarmenean eta aurkezpenean. 11.bit saioan berrikuntza teknologikoek, sare sozialek, 2.0 komunikazioak, gadget berriek, eta hainbat bitxikeriak eta bideok izango dute lekua, astero-astero ordu erdiko saioan. Hamaika Telebistak legez, ibilbide laburrean sarea josteko dozenaka ekimen bultzatu ditu  Azkue Fundazioak, eta horien berri izango dugu. Mugikorren eremuan, interneten zein telebistan dauden azken berrikuntzek ere lekua izango dute 11.bit saioan, Euskaltelekin elkarlanean.
Ez gara lehenengoak euskara eta azken teknologiak uztartuko dituztenak, zorionez. Urteak dira gure hizkuntzak mende berriarekin topo egin zuela, eta erakunde handienetik norbanako ekimen xumeenera, euskarak bere lekua egin du sarean. Are gehiago, hiztun aldetik munduan daukagun presentzia baino handiagoa da interneten daukaguna. Eta hori hainbat eta hainbat lagunen ardunak ekarri du. Beraz, sarean garatzen diren euskal egitasmo horiek ere lekua izan behar zuten horrelako telebista saio batean.
Albiste teknologikoek, bitxikeriek eta aholku praktikoek, euskaraz martxan diren ekimenek (GoEar, Korrika-Euskaraklip eta beste hainbat eta hainbat), erabiltzaile arruntenetik informatikazale sutsuek agendan gorriz markatutako hitzorduetara (Gipuzkoa Encounter, Euskal Encounter…), sarean dauden mila bitxikeriek, iPad, iPhone eta beste “i”en aurkezpenek eta aplikazio berriek tartea izango dute 11.bit-en.
Ordu erdian astero-astero landuko ditugun gaien zertzelada txikia hauxe guztia. Asko da egin dena eta egiten ari garena gure hizkuntza esparru teknologiko guztietara iritsi dadin, eta uste dugu gure hizkuntzak behar zuela horrelako saio bat, egiten ari den guztiaren bozgorailu eta oihartzun.
Emisioei martxoaren 16an ekingo diegu, 19.45etan.

Saioaren Aurkezpena