Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Herri Oihua taldea izan da Banden Lehia 2012ko edizioko irabazlea
Herri Oihua taldea izan da Banden Lehia 2012ko edizioko irabazlea - Image

 

Banden Lehiako 4. Edizioa ospatu dugu aurten. Guztira 43 musika taldek hartu dute parte lehenengo fasean eta esan behar dugu ediziorik onena izan dela, bai musika taldeen mailaren aldetik eta bai erabiltzaile eta parte hartzaileek adierazi digutenaren arabera.

Azaroaren 30ean Euskararen Eguna ospatu genuen Banden Lehia 2012ko edizioko finalarekinLau talde finalisten kontzertuak ikusteko aukera izan genuen Bilborocken: The Crazy Wheels bilbotarrak, Malder zestoarrak, Usurbilgo Odolaren mintzoa eta Barakaldoko Herri Oihua. Finala orekatua taldeen jatorriari dagokionez eta musika estilo oso ezberdinetakoak.

Lau talde hauek lehenengo fasean aukeratutakoak izan ziren: Herri Oihua eta The Crazy Wheels webguneko botoei esker, 4.661 puntu lehenengoak eta 4.534 puntuekin bigarrenak. Epaimahaiak beste bi talde aukeratu zituen finalean aritzeko: Malder eta Odolaren mintzoa.

Banden Lehiako epaimahaia musika mailan adituak diren kideek osatzen dute urtero; aurten, Ritxi Aizpuru (Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Peio Reparaz (Vendeta taldeko musikaria), Pablo Cabeza (musika kazetaria) eta Last Tour Internationaleko Zaloa Zabala izan dira. Beraiek zuzeneko finalean egon ziren ere, taldeen emanaldia ikusten.

 

Finala
Finalean lau taldeak 20 minutuz aritu ziren oholtzaren gainean, zozketaz erabakitako hurrenkeran eta backlinea partekatzen. Epaimahaiak bai musika eta bai zuzenean aritzeko jarrera ere baloratu zituen eta honen iritzia %30eko pisua izan zuen.

Talde bakoitzaren jarraitzaileek eta ikusleek irabazlea aukeratzeko beste %70a erabakitzeko ahalmena zuten.

Giro aparta bizi genuen Bilborocken eta jendeak bozkatzen zuen bitartean The Uski´s taldearen kontzertua izan genuen ere. Hauek bere erritmo surferoekin giroa mantendu zuten azken erabakia jakin arte.

Banden Lehia, euskara, musika eta teknologia lotzen dituen egitasmoa da. Lehiaketaren lehenengo fasean online botoen bidez erabakitzen dira zein talde izango diren finalistak eta bigarrenean, finalean, talde bakoitzari esleiatzen zaion telefono zenbaki bati dei galduak eginez ematen dira botoak.

Finalean lehia gogorra egon zen gau osoan zehar taldeek jasotzen zituzten deiekin. Herri Oihua eta The Crazy Wheels taldeak parean joan ziren gau osoan zehar eta dei gehien jasotzen zituztenak ere izan ziren serbidoreak zabaldu ziren unetik.

Guztira, serbidoreak 11.900 dei zuzen errejistratu zituen eta boto hauen arabera Bilboko The Crazy Wheels taldea izan zen publikoaren gogokoena, 4.597 dei erregistratuekin. Herri Oihua hurbil geratu zen 4.551 deiekin. Bestetik, Odolaren mintzoak 1.666 dei jaso zituen eta Malderrek 1.088. Datu hauekin, epaimahaikideen iritzia erabakiorra izan zen eta hau izan zen bere ebazpena: 40 puntutatik, Herri Oihuak 15 lortu zituen; Odolaren mintzoak 11 eta The Crazy Wheels eta Malder taldeak 7 puntu.

Beraz, 2012 edizioko Banden Lehiako irabazlea Herri Oihua taldea da, boto guztien %38ari esker.

Sarietan ezartzen zen bezala, Barakaldoko taldeak Baga-Biga diskoetxearekin disko bat ekoiztuko du eta 2013ko BBKLive jaialdian zuzeneko kontzertua eskaintzeko aukera izango dute ere. Bestalde, finalista guztiek antolatzaileek ekoiztutako edizio honetako disko oroigarriaren 10 ale bana jaso zituzten.

Beraz, Iker Villa, Iker Aginaga, Aritz Monedero, Mikel Becerra eta Lander Gormedino Herri Oihua taldeko partaideek BBKLiven izango dira! Zorionak!

 

 

Banda Beat mugikorretarako aplikazioa
Banda Beat euskal musikaren sare soziala da eta honen bitartez urtero Banden Lehia txapelketa bideratzen dugu. Autengoan Banda Beaten ere zenbait berrikuntza egin ditugu eta jada posible da entzuleen izen-ematea burutzea eta musika zerrendak osatzea.

Gainera, justu Banden Lehiako finalerako, Banda Beateko mugikorretarako aplikazioa prest izatea lortu genuen, bai Android eta bai iOS sistemetarako.

Erabiltzaileek doan erabil dezakete aplikazio hau eta euskal musika sakelean eroan ere.

 

Balorazioa
Antolatzaileen balorazioa oso ona da edizio honetan. Hilabete eskasean Banden Lehiako webguneak 58.000 bisita izan ditu eta parte hartzen duten musika taldeen maila gero eta hobeagoa da. Jarraikortasuna lortu du egitasmoak euskal musika taldeen artean.

Sariak hobetuz doaz urtero ere eta egitasmoaren helburuak betetzen direla uste dugu, euskal musika taldeak sustatu egiten ditugulako.

 Kontzertuen bideoak ikusteko gure Banda Beateko kanalean