Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • IÑAKI UGARTEBURU SARIAK BANATU DITU AZKUE FUNDAZIOAK
IÑAKI UGARTEBURU SARIAK BANATU DITU AZKUE FUNDAZIOAK - Image

Osasungintza arloko ikasleek Euskarazko Wikipediara egindako ekarpen onenak saritu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Diputatua eta Azkue fundazioko presidenta den Josune Ariztondo buru izan duen ekitaldian.

Iñaki Ugarteburu Sarien banaketa egin da gaur Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegian. Azkue Fundazioak Euskarazko Wikipedia sustatzeko antolatu zuen lehenengo ekimena da; Iñaki Ugarteburu EHUko medikuntza irakaslearen omenez antolatu ziren, sarera eta Euskarazko Wikipediara arlo horri euskaraz egindako ekarpenak saritzeko. Ekitaldiko buru izan den Bizkaiko Foru Aldundiko kultur diputatua eta AZKUE fundazioko presidenta den Josune Ariztondoren hitzetan, Iñaki Ugarteburu, osagilea eta filologoa ikasketaz, euskalgintzan lan asko egindakoa zen, batez ere unibertsitate mailako euskarazko irakaskuntza bultzatzen.

Lehiaketa hau, osasungintza arloko ikasleei zuzendutakoa, Euskarazko Wikipedia sustatzeko antolatu zen pasadan otsailean. Ikasleei bere lan eta artikuluak Euskarazko Wikipedian sartzeko gonbidapena luzatu zitzaien, bost lanik onenak sarituak izango zirelarik. Sarituak aukeratzeko, balorazio batzordeak zenbait irizpide izan ditu kontuan, hala nola lanaren edukia, euskararen txukuntasuna eta multimedia-baliabideen erabilera, bideoak edo argazkiak, esaterako. Saria: sareratu diren bost lanik hoberenei ordenagailu eramangarri bana.

 

Aurkezturiko lanen kalitatea eta originaltasuna nabarmendu nahi izan du balorazio batzordeak. Sarituak honako hauek izan dira:

§ Lehen Saria: Adrián Llorente Aginagalde “Hestegorriko sortzetiko malformazioak” artikuluarekin

§ Bigarren Saria: Beñat de Miguel Arnaiz “Endodontzia terapia” artikuluarekin

§ Hirugarren Saria: Iñigo Romero Arandia “Ekintza potentziala” artikuluarekin

§ Laugarren Saria: Arrate Aldama Martín “Huntingtonen gaixotasuna” artikuluarekin

§ Bosgarren Saria: Sonia Santos Ochoa de Eribe “Aharrausi” artikuluarekin

Iñaki Ugarteburu Saria antolatu duten erakundeen ordezkariek, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultur Diputatua eta AZKUE fundazioko presidenta den Josune Ariztondok, foru-erakunde bereko Euskara Sustatzeko Zuzendari nagusia den Miren Dobaranek, Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia den Ana de Castrok, EHU-ko errektoreordea den Jon Irazustak eta Deustuko Unibertsitateko errektoreordea den Roberto San Salvador-ek, banatu dituzte sariak. Honetaz aparte, oparotasuna ere saritu da (artikulu bat baino gehiago publikatu izana) eta sari hauek, Medikuntza Fakultateko idazkaria eta OEEko eta EIREko kidea den Ander Basalduak eta UEUko kidea den Karmele Artetxek banatu dituzte. Azkenik, Euskarazko Wikipediaren administratzaileen lana ere saritu da ekitaldi honetan, hauen izenean Unai Fernández de Betoñok jaso du saria AZKUE fundazioaren zuzendari kudeatzailea den Rodrigo Gartziaren eskutik.

JAKINTZA LIBREAREN JARDUNALDIEN BUKAERA

Sari hauek amaiera eman diete AZKUE fundazioak Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegian maiatzaren 17tik 19ra bitartean antolatutako Jakintza Librearen Jardunaldiei. Euskarazko lehen Wiki-ipuinaren sorrerarekin eman zioten hasiera jardunaldi hauei. Saio parte-hartzaile batean eta wiki metodologia erabilita, Fernando Morillo idazleak berak hasitako ipuin baten amaiera moldatzea lortu zen.

Asteartean, hilak 18, Open Space bat egin zen “Euskara&Internet” XXI. mendean izenburupean, eta dinamika parte-hartzaileen bidez, Maite Goñi, Marko Txopitea eta Gorka Palazio bloglariek bertaratuekin eztabaida izan zuten hainbat alderdiri buruz, hala nola euskarazko edukien sorkuntza edo software librearen hedapena.

Azkenik, asteazkenean, maiatzaren 19an, Patxi Gaztelumendik, Luistxo Fernándezek eta Unai Fernández de Betoñok antolatutako mahai-inguru batean hartu zuten parte, eta Euskarak Interneten duen presentziari buruz eztabaidatu zuten.