Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Instagram eta Euskal Kulturari buruzko erakusketa Euskararen Etxean
Instagram eta Euskal Kulturari buruzko erakusketa Euskararen Etxean - Image

Uda honetan zehar, Euskararen Etxean, Loraldia, euskal kultura gaur geroan erakusketa ikusteko aukera egongo da. Erakusketa honek, Instagramen bidez burututako izen bereko lehiaketaren 50 argazki irabazleak biltzen ditu.

Loraldia Erakusketa Euskararen Etxean

Loraldia Erakusketa Euskararen Etxean

Loraldia jaialdiak, apirilaren amaieran euskara eta euskal kulturaren abangoardia batu egin du.  Azkue Fundazioak antolatutako lehiaketa, jaialdi horrekin erlazionatutako jarduera digital baten parte izan da.

Lehiaketa

Azkue Fundazioak Loraldia jaialdiaren lehenengo edizio honetan lagundu du Instagramen lehiaketa bat antolatuz.

Lehiaketa honen helburua hain ezaguna den Instagram sare sozialean argitaratutako irudien bitartez euskal kultura zabaltzea izan da.

Azkue Fundazioak, proiektu hau aurrera eramateko, Igerrak taldearen laguntza ordainezina jaso du. Talde hau, orain dela sei hilabete sortu zena, Instagrameko erabiltzaile euskaldunek osatzen dute, eta dagoeneko ia 1.400 jarraitzaile ditu eta 20.000 irudi baino gehiago daude taldearen etiketarekin argitaratuta komunitateko erabiltzaileen eskutik.

Lehiaketa honetan, astero euskal kulturarekin erlazionatutako gai edo erronka bat proposatzen zen, eta erabiltzaileek erantzuna eman behar zuten Instagram-en bitartez irudiak argitaratuz eta euskaraz azalpenak emanez.

Hau horrela, lehiaketak iraun duen bost asteetan erabiltzaileek burutu dituzten erronkek musika eta dantzarekin harremana zuten (#MusikaEtaDantza), artearekin (#Arteak), literaturarekin (#Literatura), adierazpen artistiko berriekin (#AdierazpenBerriak) eta azkenik, Loraldia jaialdiari esanahia ematen dion erronka (#HauDaLoraldia).

Epaimahaia hainbat kidez osatuta egon da: Azkue Fundazioa, Loraldiaren antolatzaileak, Igerrak taldeko kideak eta, Santi Yáñiz eta Alberto Muro argazkilari profesionalak. Beraiek aukeratu dituzte asteroko erronkari hobekien erantzuten zioten hamar irudi onenak, bai kalitate aldetik zein sormen aldetik.

Lehiaketak iraun duen asteetan zehar, milaka erabiltzailek parte hartu dute, munduko txoko guztietatik. Guztira, 1.100 irudi baino gehiago argitaratu dira Instagram-en erronkei erantzunez.

Azkenik, berrogeita hamar izan dira aukeratuak, hamar irudi proposatu den gai bakoitzeko, 36 erabiltzaile desberdinek sortutakoak. Hauetako batzuek, beraz, aste desberdinetan zehar, irabazle moduan errepikatu dute.

Azpimarratzekoa da proiektuak izan duen erantzun ona, sare sozial honetan euskarari ematen ari zaion bultzada eta honen erabiltzaileen artean sortzen ari den interakzioa.

Igerrak Topaketa

Bestalde, nabarmendu beharrekoa da Instagram-eko erabiltzaile euskaldunen arteko harremana estutzearen eraginez, Igerrak taldearen jarraitzaileen lehenengo topaketa egingo dela datorren ekainak 13an Bilbon.

Azkue Fundazioak Euskararen Etxean egingo den topaketa honetan lagunduko du. Parte hartzaileak hemen bilduko dira Euskararen Interpretazio Zentroa bisita gidatu baten bidez ezagutzeko. Era berean, ondoren, bertako La Salve garagardoaren dastaketa batez gozatzeko aukera izango dute baita Lagildadelnorteren eskutik jasotako hamaiketako gisa jateko produktuez ere.

Jarraian, taldea Alde Zaharrera joango da, non momentu eta argazki ugari elkarbanatzeko aukera izango duten, elkar ezagutzeko edota pintxo batzuk dastatzeko. Egunean zehar, beste sorpresa batzuk ere izango dira, hala nola, paella erraldoi baten dastaketa Kubrick jatetxean.

Tags: erakusketaeuskararen etxeaigerrakinstagramloraldia