Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Irritruk, Azkue Fundazioaren Durangoko Azokako 48. edizioko egitasmoak, arrakasta itzela izan zuen
Irritruk, Azkue Fundazioaren Durangoko Azokako 48. edizioko egitasmoak, arrakasta itzela izan zuen - Image

Aurten, Azkue Fundazioak azokan gauzatu duen egitasmoa #irritruk izan da, irrien truke bertso bat sortzen eta oparitzen zuen makina, hain zuzen. Horretarako Bertsozale Elkartearekin kontaktuan jarri ginen, eta hainbat bertsolarik bertso sorta amaigabea sortu zizkiguten. Ondoren, irribarrea kapturatzen zuen makina bat sortzen hasi ginen, Irontec enpresaren laguntza teknikoarekin eta Zorrozuaren standerako ideiarekin.

Irritrukek zure irribarrea lortu, hau prozesatu eta honen araberako argazki batzuk erakusten zituen, irri eginez argazkia aukeratzen zenuen, guztira hiru argazki aukeratuz. Eta hiru argazkietan agertzen ziren kontzeptuen araberako bertso bat irteten zen paper termiko baten inprimatuta, kode bakar batekin. Zure bertsoa zen, zuretzako eta bakarra.

Kodea www.irritruk.com webgunean sartzeko zen eta zozketan baten parte hartzeko bidea zen.

Sentimenduen araberako bertso bat egiten zuela Irritrukek azaldu dugu, baina zelan funtzionatzen zuen? Zer egin behar zen? Hauek ziren eman beharreko pausuak:

1. Pantailaren aurrean jarri eta agertzen ziren irudiak begiratu
2. Gustoko zenuen irudiei irri egin
3. Sistemak gustoko zenituen elementuak gordetzen zituen
4. Eta zure sentimentuen araberako bertso bat inprimatzen zuen, zurea eta bakarra!

Gure egitasmoek euskara eta teknologia lotzea dute helburu eta oso mota ezberdinetakoak izaten dira. Gure aldetik ere eta urtero bezala, egitasmo berezi batekin joateko asmoa geneukan eta horren inguruko helburu batzuk betetzea. Eta balorazioa oso ona izan da ere, helburu horiek bete izan ditugulako. Jendearen harrera ezin hobea izan da, 1.711 bertso sortu baititu Irritrukek 4 egunetan! Eta horrek 6.000 irribarre sortu ditugula esan nahi du!

Horrela, Durangoko Azoka aukera paregabea da guretzako: gure lana gizarteratzeko, gure egitasmoen berri emateko, euskararen erabilpena teknologian sustatzeko (internet, sare sozialak…), eta beti ikuspegi zabal batetik: bisitarien parte hartzea sustatuz, ekimen dibertigarri eta berritzaile bat azalduz eta hausnarketarako gaiak eskainiz. Aurten Mintzatu sare soziala aurkezteko aukera izan dugu ere, bai standean pantaila eta eskuorri batzuen bitartez, zein [email protected], ostegun arratsaldean, eman genuen hitzaldi batekin.

Gainera, larunbatean Jon Martin bertsolaria izan genuen gure standean Irritruk desafiatzen, egitasmoa ezagutzen eta bere iritziak bertso moduan botatzen. Hauek izan dira, bertsotan, bere hausnarketak Irritruken funtzionamenduari buruz:

Pantaila adi-adi

begira zazu zuk;

egin, gustuko gauzei

irribarre batzuk.

Begira, pantailari:

Irria, Irritruk

ta nik bertso koxkor bat

eskainiko dizut.

Irria da eguzki,

irria aterpe,

asko balio arren

sor liteke merke,

irri bat da tximini,

irri bat da ate…

irri batek mundua

mugitu dezake.

Lortu dugu makinak

bertsotan hastea,

ta papertxo batean

txukun idaztea.

Zailagoa izango da,

moldatuz trastea,

makinei irribarre

eginaraztea.

Neuronei eragiten

segi ezazue

askok ez baitzezaken

imajinatu, e!

Zuen lanarengatik

eskerrak, Azkue;
Azoka irribarrez
ipini duzue!


Azkue Fundazioa

beti dago adi

teknologi berriak

hizkuntza zaharrari

ematen baitizkio

aukera ugari,

ta bidea urratzen

ari gara ari.

Gaur egun, gizartean

jendea haserre

bizi da. Zenbat estres

ta umore erre!

Gaur gorde dituzue

direlarik urre

kartoizko kaxa baten

mila irribarre.

Laburpen moduan, hauek izan dira zenbaki esanguratsuenak:

5.133 irribarre sortu ditugu 4 egunetan

1.711 bertso ezberdin banandu ditu Irritrukek

Orduro 128 irribarre / 2 irribarre minuturo

Parte hartu zuten guztien artean, eta gero egitasmoa Twitter bitartez zabaltzen zutenek #irritruk hashtag-a erabiltzen Bertsolari Final Nagusirako bi sarrera zozketatzen genituen. Irabazlea:@gaurdabihar erabiltzailea izanik.

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi! Argazkiak ikusi ahal izateko sakatu esteka honetan.

Tags: bertsoakdurangoko azokaegitasmoakirritruk