Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Irudimena lehiaketa antolatzen dute laugarren edizioari hasiera emanez
Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Irudimena lehiaketa antolatzen dute laugarren edizioari hasiera emanez - Image

Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Irudimena sarien laugarren edizioa antolatzen dute, martxoaren 17tik maiatzaren 16ra. Lehiaketa honen helburua euskal kulturaren inguruko sormena bultzatzea da gazteen artean, literaturan, grafismoan eta soinu sorkuntzan.

Aurreko urtetako esperientzia ona abiapuntutzat hartuz, bi erakunde euskaldunak elkartzen dira berriro ere, muga administratiboak gaindituz eta aurten, inoiz baino gehiago, elkarlana sustatuz.

Horrela, lehiaketako aurtengo edizioko sari banaketa ekitaldia Bilbon ospatuko da datorren ekainaren 7an eta horretan aukera emango zaie sei irabazleei beraien lanak aurkezteko. Ekitaldia Euskararen Etxean ospatuko da.

Lehiaketa

Urtero bezala, lehiaketak sormena saritzen du, idazkera, diseinu edo grafismoan eta soinu sorkuntzan. Proposatzen diren soinuetan oinarrituta, parte hartzaileek lan berri bat sortu beharko dute hiru kategoriaren batean: soinu berri bat sortu, idazketaren bidez testua sortu, edo irudia.

Edozein formatu eta lan mota onartzen da kategoria bakoitzean eta parte hartzaileek askatasun osoz sortzeko aukera izango dute. Proposatutako bederatzi soinuak soinumapa.net etik hartu izan dira eta Creative Commons lizentziapean (Aitortu 3.0) daude.

Epaimahaiaren irizpideak orijinaltasuna, kalitatea eta mezuaren helburuak betetzea izango dira.

Aurreko ediziotan bezala, lehiaketarako parte hartzea  irudimena.com webgunearen bidez bideratuko da, bertan bete beharko den inprimaki baten bidez.

Irudimena2014-kartela

Epeak eta sariak

Irudimena lehiaketa martxoaren 17tik maiatzaren 16ra bitartean zabalduko da.

Irudimena lehiaketan parte hartzen duten lan guztiak irudimena.com webgunean ikusi ahal izango dira eta epaimahai batek aukeratuko ditu hiru kategoria bakoitzeko bi lanik onenak. Beraz, lehiaketak sei saridun izango ditu.

Kategoria bakoitzeko lehenengo postuan aterako diren irabazleek 300 eurotako erosketa bonoa jasoko dute; bigarren postukoak, 200 eurotako erosketa bonoa.

Sari banaketa ekitaldia

Esan bezala, sari banaketa ekitaldia Bilbon ospatuko da, Euskararen Etxean, ekainaren 7ko goizean.

Ekitaldian iparraldeko lagunei harrera egingo zaie eta sariak banatzeaz aparte, jarduera parte hartzaile bat izango du, musika ekitalditxoa, muga administratiboko bi aldetako egileen eskutik eta baita irabazleen lanen aurkezpenak ere.

Antolatzaileak

Euskal kultur erakundea (EKE) 1990. urtean sortua izan zen, euskararen eta euskal kulturaren alde ari diren elkarteek bultzaturik eta erakunde publikoek lagundurik, hala nola Estatua, Akitaniako kontseilua, Pirinio Atlantikako kontseilua, eta euskal kulturaren aldeko Herrien Sindikata, gaur egun 146 iparraldeko herriek osatzen dutena. Ustaritzen du egoitza EKEk.

Azkue Fundazioa 2009an sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik eta honen helburua euskara era berritzailean eta teknologiari lotua lantzea da. Benetako 2.0 jarrera batekin sortua, gure helburua euskarazko edukiak eta egitasmoak sarean sortu eta zabaltzea da eta euskara ikuspegi moderno eta berritzaile batetik sustatzea. Lantzen ditugun egitasmo eta produktuak euskaldun guztien mesederako izaten diren arren, batik bat gazteak ditugu jomugan. Azkue Fundazioak Bilboko Euskararen Etxean du egoitza eta hau kudeatzen du baita ere.

Tags: ekegrafismoairudimenalehiaketaliteraturasariaksoinuasoinumapa.netsormena