Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Larunbat honetan ospatuko da Euskararen Ginkanaren 4.edizioko finala
Larunbat honetan ospatuko da Euskararen Ginkanaren 4.edizioko finala - Image

4 talde arituko dira lehian apirilaren 18ko finalean.

Itziar Ituñoren gidaritzapean burutuko dituzte 3.000 euroko saria lortzeko gainditu beharreko probak.

euskararen-ginkana.png (534×194)

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, aurten lehen aldiz Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko duena.  Bi erakundeek euskara sustatzeko duten konpromisoan bat egin, eta beraien lan eremuak diren IKTak eta ekologia elkartu dituzte proiektu bakarrean. Laugarren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea.

Beste behin ere, parte hartze zabala eta anitza izan du Euskararen Ginkanak. Izaera eta eremu geografiko desberdinetako  21 taldek eman dute izena: Hego Euskal Herriko lurralde desberdinetako aisialdi eta kultur taldeak, euskara elkarteak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, hezkuntza arlokoak, ikasle taldeak, …

Probaz proba finalera

IKTak eta Ekologia gaitzat hartuta, 6 proba gainditu behar izan dituzte taldeek finalerako bidean. Horretarako, www.euskararenginkana.net webgunean astero proba bat publikatu da. Besteak beste, beraien taldearen eta sariarekin babestuko luketen proiektuaren aurkezpen bideoak sortu; euskara, ekologia zein teknologia berriei buruzko galdera sortak erantzun; euskaraz mintzatzen den guneak identifikatu; edota euskararen aldeko mezuak barazki dendetan zabaltzeko ekimenak egin behar izan dituzte.

Talde askoren arteko aldea oso txikia izan bada ere, azkenean lau talde hauek izango dira finalean:

  • Gasteizeko Emaize Sexologia Zentroa.
  • Durangoko Kurutziaga Ikastolako euskara taldea.
  • Lizarrako pintxopotepraktika taldea.
  • Arrasateko AED euskara elkarteko Ttak! taldea

Finala: apirilaren 18an Donostiako Kutxa Ekogunean

Itziar Ituño aktorearen gidaritzapean, Euskararen Ginkanako azken bost probak Kutxa Ekoguneak Donostian duen egoitzan bertan burutu beharko dituzte lau talde finalistek. Horietan puntu gehien lortzen duen taldeak jasoko du euskararen aldeko ekimen bat finantzatzeko 3.000euroko sari nagusia.

Finala eguerdiko 12:00etan hasiko da eta sari banaketaren ondoren luntx ekologiko bat eskainiko zaie bertaratutakoei.

Tags: azkue fundazioaEkoguneekologiaEuskararenGinkanaIKT