Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Mendebalde Kultura Alkarteak garatu dituen azken egitasmoak aurkeztu ditu Euskararen Etxean.
Mendebalde Kultura Alkarteak garatu dituen azken egitasmoak aurkeztu ditu Euskararen Etxean. - Image

Arrietako euskaldunen jakituria: kontuak, kantak, bizimodua eta Bizkaian zehar: euskararen ikuspegi orokorra liburuak, Euskalingua 11 aldizkari elektronikoa eta Atzorik Etzira XII. Jardunaldiak izan dira plazaratu dituzten lanak.

Aurkezpenean, Mendebalde Kultura Alkartearen zuzendaria den Eneko Barrutia jaunak parte hartu du, besteak beste.

Arrietako euskaldunen jakituria: kontuak, kantak, bizimodua liburua eta CD-a aurkezteko, Juan Luis Goikoetxea egilea, BHIko katedraduna eta Miren Edurne Torrealdai Arrietako Alkatesa hurbildu dira. Izenburu honekin bildu dira Arrietako euskaldunei egindako grabaketak; hauei esker, herriko euskara, kultura eta bizimodua ezagut ditzakegu.

Bizkaian zehar: euskararen ikuspegi orokorra  Iñaki Gaminde Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak egindako liburu eta CD-ROMan, Bizkaia osoko euskararen azterketa dialektologikoa egiten da, herri euskaldun guztietako euskaldun zaharren ahozko euskara bildu delarik. CD-ROMan liburuan agertzen direneko testu eta esaldi ugari entzun daitezke.

Era berean, Maribi Unamuno Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, interneten argitaratzen den Euskalingua aldizkariaren 11. alea aurkeztu du. Urtean bi kaleratzen dira eta mendebaldeko  euskarari buruz eta euskararekin lotutako hainbat gai jorratzen dira.
  
Bukaeran, Eneko Barrutiak 2008ko maiatzaren 9an eta 10ean Euskaltzaindiko Aretoan, elkartearen XII. Jardunaldiak egitaraua aurkeztu digu. Aurtengo jardunaldien gaia “Atzorik Etzira” izango da.

Egitasmo hauen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazu www.mendebalde.com helbidera.