Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • Nazioarteko Euskararen Egunak euskara eta teknologia berriak uztartuko ditu.
Nazioarteko Euskararen Egunak euskara eta teknologia berriak uztartuko ditu. - Image

 

Josune Ariztondo, Bizkaiko Kultura Foru Diputatua, hala Ana de Castro Bilboko Udaletxeko Euskara Zinegotzia, Paco Allende, Euskalteleko Idazkari Nagusia eta Iker Sagasti, Irontec enpresako zuzendaria izan dira datorren asteburuan, abenduak 5ean, eta Euskararen Egunaren inguruko ekitaldi moduan izango den Norantza biko Kontzertua aurkezten.

Diputatuak adierazi duenez, "ez da ohiko kontzertua izango, baldin eta protagonista nagusia kontzertura etorriko dan jendea baita". Kontzertura hurbiltzen diren pertsonak ez dira entzule izango bakarrik, baldin eta modu diferentetan parte hartzeko aukera izango bait dute teknologia berriei esker.

Josune Ariztondok aipatu duenez, gazte teknologikoei zuzendutako kontzertu berritzailea antolatu nahi izan du Bizkaiko Foru Aldundiak, teknologia berriak erabiliz gazteak protagonista izan daitezen. Jakina da gazteen komunikatzeko moduak asko aldatu direla eta telefono mezuak direla euren ohiko komunikazio sistema. Euskara esparru guztietan erabiltzeko aukera ematea eta zabaltzea da helburua eta euren gustoko ekitaldietan ere euskara erabiltzera animatu.

"Hizkuntza-normalizazioa, euskararen normalizazioa gizartearen eraldaketa-prozesuari lotzen zaio estuki. Teknologia berrietan Euskararen presentzia zabaltzeko ahaleginak egin behar ditugu eta teknologia berriak eta Euskara lotzeko esperientziak abian jartzea ezinbestekoa da euskara esparru guztietan erabiltzea lortu nahi badugu" azpimarratu du diputatuak.

Musika eskatzea SMS bidez, beste pertsona batzuek egindako deiekin, eta abestiak bidaltzea zuzen-zuzenean: hori da Bilboko Plaza Barrian datorren abenduaren 5ean aurkeztuko den formatu benetan aitzindari eta berritzailea, Euskararen Eguna 2008 ospatzeko ekitaldi nagusietakoa izango dena. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Euskaltelekin eta Irontec enpresarekin batera, ekitaldi aurreratua antolatu dute, euskara eta teknologia ezin hobeto batuko dituena; batez ere gazteei zuzenduko zaie, eta horretarako, GOSE, UNE eta BETAGARRI taldeen musika izango dugu lagun.

Datorren ostiralean, abenduaren 5ean, 20:00etan, Bilboko Plaza Barriak lehenengoz hartuko du musika kontzertu interaktibo bat, noranzko biko esperientzia izango dena; izan ere, Plaza Barria da horrelako kontzertu bat hartzeko lekurik egokiena. Antolatu dugun ekitaldi horren bidez balio erantsia emango zaie ohiko musika kontzertuei, bene-benetako protagonista ikuslea izango baita.

HELBURUAK

Ekimen erabat berritzaile honen helburua da, Euskararen eguna astearen barruan, Bizkaiko gazte teknologikoei zuzendutako kontzertu bat antolatzea; horrekin batera, eta horretarako, teknologia berriak erabili gura dira gazteak izan daitezen protagonista bereziak kontzertuan. Musika kontzertu horri esker guztiz frogatuko dugu euskara ezin hobeto egokitzen zaiola gazteek gehien erabiltzen duten komunikazio-sistemari, SMSei, alegia.

Ekimen honen bidez gazteak, teknologia eta euskara batuko ditugu, gauza bi lortzeko: euskara sar dadila gazteek erabiltzen duten SMS kodean eta euskara teknologia berrietan duen presentzia areago dadila. Azken finean, euskara moderno, praktiko eta erakargarri bihurtzea.

SISTEMA

Kontzertuetan ohikoena da jendea pasibo egotea, gehienez ere abestia jarraitzen du taldearekin edo abeslariarekin batera, txaloak jo, eta ezer gutxi gehiago. Noranzko biko musika kontzertu honek, ordea, ikusleen parte-hartze guztiz berria ekarri gura du. Ikusleek aukera izango dute iritzia eman, parte hartu eta erabakitzeko, baita kontzertuan bertan ez dauden beste batzuei sorpresa emateko ere.

Zelan? Modu bi egongo dira: lehenengoa, kontzertuan daudenek SMSak bidaltzea Plaza Barritik bertan jarriko den pantaila erraldoi batera, eta botoa ematea taldeek kontzertua amaitzeko joko dituzten abestien alde. Bigarrena, berriz, kontzertuan jarriko den zenbakira SMSa bidaltzea lagun baten telefonoarekin; sistemak, zuzenean deituko dio lagun horri eta ikusleen artean dagoenak bidali dion mezua eta kontzertuko minutu bi zuzenean entzun ahal izango ditu.

Arestian ere esan dugunez, ekimen berritzailea da, eta aurrera eraman ahal izateko sistema bat garatu dugu, zenbait aplikazio informatiko garatu ditugu, eta horiei eta "moderatzaileari" esker, kontzertura joan direnek zein haien SMSak hartzen dituztenez oso kontzertu bereziaz gozatu ahal izango dute euskaraz. Aurrekoez gainera, beste edonork ere hartaz gozatzeko aukera izango du, Bizkaiko Foru Aldundiaren webean —

www.bizkaia.net— ere ikusi ahal izango baita.

EUSKARAREN EGUNA

Abenduaren 5ean, 20:00etan, Bilboko Plaza Barrian euskaraz egingo den kontzertu interaktiboa Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu diren ekitaldietako bat da. Euskararen Eguna, berez, abenduaren 3a da, eta hainbat ekitaldi eta ospakizun antolatu dira.

Bizkaian egingo direnen artean bi nabarmendu behar ditugu: Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak urtero antolatzen dituztenak euskararen alde lan egiten duten pertsonak eta erakundeak saritu eta gogoratzeko. Esan bezala, abenduaren 3an ekitaldi ofizial bi egingo dira.

11:30ean, Foru Jauregian (Kale nagusia 25, Bilbo), Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta saria emango du, baina oraingoz ezin da argitu zein pertsona edo erakundek jasoko duen. Bizkaiko Ahaldun Nagusia izango da Harrera Aretoan egingo den ekitaldi horren buru; omenaldia egingo zaio bertan Bizkaia Irratiari, irrati horrek egunero egiten duen lana aitortzeko, bera baita bizkaitarrez Bizkaian eta Bizkairako lan egiten duen bakarra.

Alkateak, berriz, beste ekitaldi bat egingo du udalaren izenean, Euskaltzaindia omentzeko, 13:00etik aurrera Udaleko Areto Arabiarrean. Bilboko Udalak goraipatu egin gura du Euskaltzaindiak 90 urtez Bilborekin izan duen harreman oparoa eta estua, euskararen bilakaeran garrantzia berezia hartu baitu gure herriak Euskaltzaindiari esker. Euskaltzaindiak Bilbon izan du egoitza beti, sortu zenetik hona. Egoitza bat baino gehiago izan du: Erriberan, Arbieto eta Elkano kaleetan, eta egun duena, Plaza Barrikoa.

Udaleko ekitaldian Euskaltzaindiko euskaltzain bilbotarrak omenduko dira, baina ez horiek bakarrik, erakundeari lotutako beste pertsona batzuk ere omenduko dira, haien lan baliotsuak berebiziko garrantzia izan baitu euskara sustatzeko eta normalizatzeko.