Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Berriak • “Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldiak ospatu ziren atzo Deustuko CRAI liburutegian
“Sarea Pil-pilean”, jakintza librearen II jardunaldiak ospatu ziren atzo Deustuko CRAI liburutegian - Image

Azkue Fundazioak antolatutako jakintza librearen II jardunaldien topaketa nagusia ospatu zen atzo Deustuko Unibertsitateko liburutegian. Aurreko hiru egunetan, hilaren 21, 22 eta 23an, Azkue Fundazioaren egoitza den Euskararen Etxean bi orduko zenbait kurtso antolatu ziren Bizkaiko Euskaltegi desberdinetako ikasleei zuzenduta. Bertan, sarean euskaraz eskuragarri dauden baliabideak aztertu eta erabiltzen irakatsi zen, besteak beste, bilaketak nola egin, sarean dagoen euskarazko softwarea aztertu eta posta elektronikoa eta gizarte-sareak euskaraz nola erabili irakatsi zen.

 

Jakintza librea bultzatzeko jardunaldi hauei amaiera emateko ekitaldi nagusia atzo ospatu zen eta hau, hiru atal ezberdinetan banatuta egon zen.  Lehenengo atala “Zizka-Mizkak” izan zen eta bertan,  Interneti, teknologiari, euskarari eta ezagutza libreari lotutako 5 egitasmo desberdinen funtsak azaldu zituzten haien bultzatzaile izan diren pertsonek. Aurkezpen honetarako 20 irudi bakarrik erabil zitzaketen eta irudi bakoitzeko 20 segundo soilik hitz egin zezaketen. Iruri Knörrek interneteko tendentziak zeintzuk diren eta etorkizunerako zeintzuk aurreikusi diren azaldu zituen, Jon Ordoñezek  euskeraz idazten den egunkari bakarraren, Berriketan.info proiektuaren berri eman zuen eta Iñigo Arandiak, berak sortutako Kaixomaitia.com (euskaldunek euskaraz ligatzeko sortutako lehen internet ataria) aurkeztu zuen. Azkenik, Maite Goñik berak kudeatzen duen “Alez-ale elez-ele” egitasmoaren berri eman zuen eta Igone Fernandez Gaztezuloko ordezkariak, haien webguneko funtzionamendua eta helburuak azaldu zituen. Guztion partaidetza dinamikoa eta hurbilekoa izan zen, eta dudarik gabe, arratsaldeko ekitaldirik arrakastatsuena izan zen. 

 

Adituen iritzi eta gorabeherak entzun eta gero, entzuleon partehartze garaia heldu zen eta horrela eman zitzaion hasiera arratsaldeko programaren bigarren parteari; “Kontaiguzu zure errezeta” atalari hain zuzen ere. Hemen antolatzaileek post-it multzoak banatu zituzten bertara hurbildutakoen artean eta bakoitzak bere ideiak idatzi behar izan zituen hurrengo hiru gai ezberdinen inguruan:

 

 *Zer egin daiteke gazteenen artean jakintza librea sustatzeko?

*Zer egin dezakete erakundeek interneten euskararen erabilera normalizatzeko?

*Zer egin dezakegu sarean euskarazko eduki gehiago sortzeko?

Behin bakoitzak bere ideiak idatzitakoan talde dinamikak bultzatu ziren, partehartzaile ezberdinen artean ideiak elkartrukatuz eta proposatutako denetatik onenak aukeratuz. Aukeratutako hauek, denen aurrean aurkeztu ziren eta arbel batean eskegi ziren ahanzturan eror ez daitezen. Azkenik, “Iñaki Ugarteburu” Wikipedia artikuluen lehiaketaren presentazioa egin zen eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien honetarako prest dauden denei.

 

Baina dena ezin zitekeen lana izan eta bere ideiak eskaini eta gero bertaratutakoek pintxo gozoak dastatzeko aukera izan zuten “Pintxoak 2.0” ekitaldian. Era berean, hitzaldiak eskainitakoekin hitz egiteko aukera egon zen eta teknologia berrien eta euskararen etorkizunaren inguruko iritziak aldatu ziren momentuan sortutako talde ezberdinetan. Ekitaldi arrakastatsua izan zen atzokoa dudarik gabe eta antolatzaileak beraz, pozik geratu ziren lortutako emaitzekin.

 

  Argazkiak:    Flickr (2011-03-24)

 

 

Bideoak:   Aurkezpena (Udane Goikoetxea) 

     Zizka-mizkak

          – Iruri Knörr (Tendentziak interneten)               – Jon Ordoñez (Berriketan.info)

          – Iñigo Arandia (Kaixomaitia.com)                   – Maite Goñi ( Alez ale, elez ele)

          – Igone Fernández ( Gaztezulo. Gazteek, euskara eta internet)


Hamaika TB    

 

Maite Goñik bere aurkezpena bere blogean azaltzen du Alez ale

View more presentations from Maite Goñi