Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Gure Proiektuak  •  Azokak • Zer da Durangoko Azoka

Gure proiektuak

Durangoko Azoka

Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka 1965ean egin zen, Andra Mariko elizpean. Sortu berri zen Gerediaga Elkarteak antolatu zituen ekitaldien artean lehenengoetarikoa izan zen. Frankismoaren diktadurapean azoka hark helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea.

1974. urtera arte Andra Mariko elizpean egin zen urtez urte Azoka. IX Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka merkatu plazan egin zen. Eta modu horretan merkatu plazan egin zituen urterik gehienak, 1974tik 1996ra arte.
Durango apurka-apurka liburu eta diskoez harago, euskal kultur eragileen topagune bihurtu da. Merkatu plazaren lau hormak txiki geratu eta Durango herriko orube askotan karpa zuriak ere ipini behar izan dira bisitariei lekua egiteko.

Hasieratik, euskaraz eta euskal munduaz ere zerikusia duten ekoizpenen erakusketa eta salmentarako azoka izan da. Urtero-urtero Durangora etortzen zen jendetzari esker 2003tik Landako erakustazokara salto egiteko aupada nahikoa izan zuen Azokak.

IMG_4479

Euskal Herriko argitaletxeen eta diskoetxeen lanak ezagutzeko plaza paregabea da Durangoko Azoka. Idazleek eta musikariek euren irakurle eta entzuleekin egoteko aukera daukate. Lan berriak aurkezteko eta ezagutzeko modua izaten da. Baina hasierakoa ez zen moduan, gaur egungo azoka ere ez da liburuen eta diskoen azoka bat soilik. Abenduko lehen egunetan euskaldunen eta kulturzaleen topaleku izaten da Durango, eta era guztietako publikoarentzat kultur eskaintza zabala egoten da.

Azokari lotuta, Haur Literatura Aretoa zabaltzen hasi zen urtero. 12 urte arteko ume eta gaztetxoak literaturaren mundura modu aktiboan gerturatzeko gunea. Gaur egun, Saguganbara du izena. Apurka-apurka, azken urteetan gune berriak sortzen joan dira Azokaren bueltan: Saguganbara, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia eta Kabi@.

Azokak, orain, Durango hiri osoa bihurtu nahi du kulturaren plaza.

DurangokoAzoka

IMG_4462

 

Gu ez gara ez saltzaile, ez editoreak. Gure egitasmoek euskara eta teknologia lotzea dute helburu eta oso mota ezberdinetakoak izaten dira. Horrela, Durangoko Azoka aukera paregabea da guretzako ere: gure lana gizarteratzeko, gure egitasmoen berri emateko, euskararen erabilpena teknologian sustatzeko (internet, sare sozialak…), eta beti ikuspegi zabal batetik: bisitarien parte hartzea sustatuz, ekimen dibertigarri eta berritzaile bat azalduz eta hausnarketarako gaiak eskainiz.

Atal honetan urtez-urte garatu izan ditugun proiektuak ikusteko aukera duzu.