Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Azkue Fundazioa  •  Gure Proiektuak  •  Jakintza Librea • Euskal Wikilarien Kultura Elkartea

Gure proiektuak

Euskarazko Wikipedia

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE)

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) Euskarazko Wikipedia sustatzeko elkarte bat da, 2016an sortua. irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde bat da, Wikimediako erabiltzaile taldetzat onartua. Euskal hizkuntza, euskal kultura eta jakintza unibertsala ditu ardatz. Giza ezagutza guztia euskaraz eskuragarri jartzeko asmoa du.

Jarduerak

  1. Euskarazko Wikipediaren eta proiektu lagunen lankideen arteko komunikazio-bideak ireki, lankide horien arteko sinergia berriak ezarriz, Wikipediaren onerako izango direnak. Horretarako, eztabaida irekiak, hausnarketarako jardunaldiak eta foroak antolatuko dira, Wikipedia eta hari lotutako proiektuak hobetzeko.
  2. Tailerrak eta formazio-ikastaroak antolatu, euskaldunek Wikipedia ezagutu eta proiektuan parte har dezaten.
  3. Komunikabideekin harremanetan sartu eta haien programetan (telebista, irratia, aldizkariak…) parte hartu, Euskal Wikipediari buruzko informazioa emanez eta bere ezagutza hedatuz.
  4. Enpresa eta erakunde publiko zein pribatuekin elkarlanean jardun, Euskal Wikipedia eta bere inguruko proiektuak hobetu ahal izateko. Erakunde horiekin batera ikastaroak eta sariak antolatu.
  5. Euskarazko Wikipedia indartzeko bazkideen ustez onuragarria den edozein jarduera abiatu, betiere elkartearen estatutuekin bat etorrita.

Egitasmoak

Hainbat egitasmo eta ekimen ezberdin bideratzen ari da elkartearen eskutik, beste erakunde batzuekin lotutako lankidetza hitzarmenei esker. Horietako batzuk dira:

  • EHUko Medikuntza Fakultateko ikasleekin ari dira elkarlanean, gazteok medikuntzari buruzko artikuluak egin ditzaten wikipediarako, eta lehenengo aldiz Iparraldean trebakuntza ikastaroak egingo dituzte, lehen aldiz, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.
  • Haur eta gazte literaturaren alorrean, eta EHUko Donostiako Irakasle Eskolako ikasleek haur literaturako pertsonaien inguruko artikuluak idatziko dituzte.
  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin sinatutako akordioari esker, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako zuzenduko diren 1.000 eduki berri sortuko dira eta euskarazko Wikipedian argitaratuko dira.
  • Azkue Fundazioaren lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2017ko irailan eta honi esker hiru alorretan eragingo duen lana burutuko da: Euskarazko Wikipedia bultzatzea, formakuntza saioa, hitzaldi eta abarren bitartez, Bizkaiko zenbait herri eta hiritan eta Herripediak burutuz; euskarazko softwarea bultzatzea, WikiMediako baliabideak itzuliz; eta eduki eta jakintza libreak bultzatzea, edukiak libreki partekatzearen garrantziaz sentsibilizatuz.