Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskara Sarean Josten  •  Baliabideak  •  Softwarea • Firefox OS sistema eragilea
Firefox OS sistema eragilea - Image

Firefox OS Linux kernelean oinarritutako kode irekiko sistema eragile bat da, smartphone eta tabletetarako bereziki garatutakoa. Firefox web nabigatzailea garatzen duen irabazi asmorik gabeko Mozilla Fundazioak sortutakoa da.

Gailu mugikorretarako Firefox OS sistema eragilea euskaratu du Librezalek. Sakelakoetarako eta tabletetarako Android, iOS eta Windows Phone sistemen alternatiba irekia izan nahi duen sistema eragilea da Firefox OS.

Euskal Herrian dagoeneko salgai daude Firefox OS daramatzaten sakelakoak, Hegoaldean Telefónica konpainiak Movistar bidez merkaturatzen baititu, eta Iparraldean ZTE bidez eskura baitaiteke.

Uztailaren 21ean Firefox OS 2.0 bertsioaren garapena bukatutzat eman zen Mozillaren partetik, eta hortik aurrera sakelakoen fabrikatzaileen esku utzi dute softwarea, haiek beren pertsonalizazioak txerta ditzaten. Irailaren 1ean prozesu hori amaituko da eta hortik aurrera Firefox OS 2.0 duten lehen sakelakoak merkaturatuko dira.

Beste sistema eragileak ez bezala, Firefox Osren garapenaren oinarrian HTML5, CSS eta JavaScript daude, alegia, webgune arruntak sortzeko erabiltzen diren lengoaiak. Horrek hainbat abantaila eta desabantaila ditu. Lehenen artean, aplikazio berriak garatzeko erraztasun handia; izan ere, aski da webgunerako sortzen direnak moldatzea aplikazio bat sortzeko. Desabantailen artean dago oraindik, diotenez, apur bat motelagoak direla aplikazio horiek.

Sakelako sistemen merkatura iristen azkenetakoa izateak ere eragozpen bat dakar Firefox OS erabiltzen duenarentzat: harentzat sortutako aplikazioen multzoa txikia da momentuz, eta ‘killer app’ direnak (WhatsApp batez ere) ez daude oraindik. Hala ere, WhatsAppen sarearekin konektatzen diren aplikazio pare bat daude, esaterako ConnectA2, gure WhatsApp kontaktuekin ditugun eguneroko harremanetarako aski direnak.

Librezaleren eskutik.