Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskara Sarean Josten  •  Sarea Euskaraz • Urte Sasoiak

Urte Sasoiak

Urte Sasoiak

Gizakiak eta naturaren arteko harremanak adierazteko mendeetan zehar metatu diren kultur arrasto guztiak (kantuak, dantzak, sinesteak, janzkerak, zeremoniak, eta abar) herriaren lehenaren eta orainaren parte dira.

Urteko sasoi nagusiei lotutako ospakizun eta ohituren inguruan, euskal herrietan gorderik dagoen altxorra egokitu eta plazaratzea, eta lekuan lekuko ondarea jasotzea premiazko lana da, gizarteari eredu baliagarriak eta irakaskuntzarako erreferentzia egokiak eskaintzeko.

Hori hala izanik, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Labayru Ikastegiak aspalditik dihardute elkarlanean gure kultur ondarea eta egutegiko tradizioa aztertu eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko. Lan horretan arreta handia jarri izan diote aurkezteko moduari, berria, egokia eta txukuna izan dadin.

Lankidetza horretatik Urte-sasoiak izeneko egitasmoa gauzatu zen 1997-2000 bitartean; urte bakoitzean urteko sasoi bati buruzko lana argitaratuta. Orduan sortutako materialak hiru euskarritan argitaratu ziren: bideo, audio eta liburu formatuan.

Oraingo honetan ere erakunde biek lankidetzan, programa horren helburua eta xedeari eutsita, beste aurrera pauso bat eman dute. Horretarako euskarri guztiak bat egin eta www.urtesasoiak.com izeneko webgunea sortu da. Bertan erakusten dira orduan argitaratu ziren testuak, argazkiak, audioak eta bideoak; denak harmonia ederrean. Lehenagokoekin batera, hainbat argazki berri gehitu dira edizio honetarako.

Material orokorra izanik ere, batez ere irakaskuntzan erabiltzeko egin zen. Orain, aldiz, euskarria bera lagun dugula, era guztietako erabiltzaileengana heldu nahi dugu: ikasle, irakasle, ikertzaile, euskaltzale, jakin-mina izan lezakeen edozeinengana. Izan ere, edukia mamitsua da, urteko ziklo guztiak hartzen ditu, eta euskal lurralde guztietako tradizioak dakartza.

Egitasmo berritu honek, aurreko osagai guztiez gainera, gehigarri interesgarriak ditu: euskarri guztiak aldi berean erabil daitezke gaika aukeratuta, lau hizkuntzatan garatuta dago (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), sarean dagoenez munduko edozein bazterretatik kontsulta daiteke.

Euskal kultura ezagutzen laguntzeko ekarpen berria da proiektu hau. Horregatik Azkue Fundaziotik ekimen hau lagundu dugu, kultur ondare hau digitalizatuta egon dadin eta beraz betiko iraun dezan.

)