Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea • Aurkezpena

Euskararen Etxearen aurkezpena

Euskararen Etxea Bilboko San Inazio auzoan dago, eta sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker; beraren helburua euskarari buruzko gune espezializatua izatea da.

2004ko abenduaren 3tik Euskararen Etxeko ateak zabalik daude euskaltzaleentzat, ikertzaileentzat eta euskarari buruzko gaietan interesa izan dezaketen pertsona guztientzat.

Euskararen Etxea

Euskararen Etxeak lau solairu ditu, baina bi gune nagusitan bana dezakegu. Alde batetik, azken bi solairuek gunea osotzen dute euskal gaietan lanean diharduten elkarte eta erakundeentzat lan bateratua egiteko. Gauzak hala, hirugarren solairuan Euskal Idazleen Elkartea, Topagunea (Euskara Elkarteen Federazioa), Euskal Pen Kluba eta Mendebalde Kultura Alkartea daude. Eta laugarrenean, berriz, Bizkaiko Ikastolen Elkartea.

Beste alde batetik, lehenengo bi solairuek gunea osotzen dute euskararekin zerikusia duten erabilera eta jarduerei aurre egiteko. Lehenengo solairuan, Euskararen Interpretazio Zentroa dago.

Euskararen Interpretazio Zentroaren asmoa da, modu atsegin eta zuzenean, euskarari buruzko oinarrizko eduki batzuk publikoari erakustea:

  • euskararen balio integratzailea
  • hizkuntzaren historiako gertaera nagusiak
  • euskalkien aberastasuna
  • sormena eta literatur bizitasuna
  • ahozko tradizioaren interesa…

Euskararen Etxeko aurkezpen bideoa 

Euskararen Interpretazio Zentroak honako helburu hau  dauka:

  • bizipen entretenigarria bezain txundigarria eskaintzea, beti ere ahaztu gabe Bilboko Euskararen Etxea deitutako eraikinak bete behar duen helburu pedagogiko eta kulturala. Aipatu Euskararen Etxearen kokapena arretaz aukeratu da, Bilbon oso ondo komunikatuta dagoen auzo batean.

Tren geltoki baten antzera girotuta dagoen lehenengo gune honetan, euskararen bidaia denboran zehar islatu nahi izan da hizkuntzaren historia eta bilakaera azalduz. Zentroak, euskara ezagutarazteaz gain, bisitariei bizipen entretenigarria eskainiko die, eta horretarako teknologia berriak erabili dira. Turismoa ere kontuan hartu da, eta zentroa lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) bisitatzeko aukera dago.

Proiektu honetan bi ikuspegi batzen dira

  • ikuspegi ludiko eta turistikoa alde batetik
  • hezigarria eta erreferentziazkoa bestetik

Horietako bakoitzarentzat solairu bana prestatu da Euskararen Etxeadeitutako eraikinean.

Lehenengo solairuan, Euskararen Interpretazio Zentroan, garatzen da aipatutako ikuspegi ludiko eta turistikoa. Horretarako gunea behar den bezala girotu da bisitariak bere burua tren geltoki batean ikus dezan.

Harrera-gune horretan bidaiariak behar duen arreta eta informazio guztia jasoko du.

Harrera-gunetik geltokiko nasara  sar daiteke; berez, pasabidea bada ere, edukiez hornitu da, eta bidaiariak aukera izango du, euskalki guztiak dastatzeko Mithridates jolas digitalaren bidez. Gainera, beste elementu garrantzitsu bat ezarri da: Plazaola  aldizkari digitala. Hemen bisitariek ikusgai izango dituzte euskal literatura eta kulturari buruzko albisteak.

Nasan trenak ikusiko ditugu. Lehenengo Trena, “Euskara, Bat eta Asko” deitutakoa, euskalkien aberastasunaz eta euskara batuaz mintzo zaigu. Bigarren Trenak, “Atzo eta Gaur” deitutakoak, euskararen historiaren berri ematen digu eta euskarak, antzinatetik gaur arte, eta hainbat alderditan zer nolako bilakabidea izan duen azaltzen digu.

Aurrerago Itxarongela: “Euskara Bidaiari” ikusiko dugu. Azken gune honetan, euskara hizkuntza bidaiaria dela erakusten da. Horretarako, munduan zehar topa daitezkeen euskararen testigantzak bildu dira mapamundi elkarreragile batera: mundu osoko Euskal Etxeak eta euskara edo euskal kultura irakasgai dituzten unibertsitateak.

Bigarren solairuan, Euskararen Mediategia, Liburutegia eta Areto Balioaniztuna daude. Mediategia, Euskararen Multimedia Gordailua; dokumentazio eta kontsulta gunea da eta ikerlarientzat pentsatuta dago, baina baita euskaltzale guztientzat ere, bertan bildu baitira euskaraz ekoiztu diren multimedia produktu guztiak. Liburutegia, Euskarazko Unibertsitate Liburuen Gordailua alegia, EIRE (Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea) eta Euskararen Etxearen arteko lankidetzari esker sortu da. Bertan, 1990etik egundaino argitaratutako unibertsitate liburuak paratu dira.

Euskararen Interpretazio Zentrotik hasiko duzun bidaia atsegina gertatzea nahi genuke.