Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • 2019 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtean Ama Hizkuntza gutxituak aldarrikatu nahi ditugu
2019 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtean Ama Hizkuntza gutxituak aldarrikatu nahi ditugu - Image

Hizkuntzen desagertzea agerian jarri eta galera horri aurre egiteko asmoarekin,  otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko eguna ospatzen da. Urtero bezala, aurten ere egun hau izan dugu gogoan. Baina aurten badugu berezitasun bat, 2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu baitu Nazio Batuen Elkarteak bere Asanbladan.

Indigena hitzak lurralde jakin bateko biztanleari egiten dio erreferentzia. Lurralde horretako biztanleek komunitate bat osatzen dute eta kultura eta hizkuntza partekatzen dute. Gehienetan, komunitate horiek ukipen egoeran bizi dira hizkuntza hegemoniko batekin, eta prestigio kontuak direla medio, sarritan, albora uzten dute euren hizkuntza eta horrek eten bat eragiten du norberaren hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan, bata zein bestea galtzeko arriskuan jartzen direlarik. Komunitate indigena horiek munduko biztanleriaren %6a besterik ez dira, baina, aldiz, 4.000 hizkuntza ezberdin biltzen dituzte. Munduko hizkuntza guztien erdia baino gehiago, alegia (munduan 6.000 hizkuntza inguru daude). Komunitate horiek hizkuntzen, kulturen, egiteko modu ezberdinen, munduko beste ikuskera baten eta urteetan garatutako ezagutzen gordailu dira. Gauza horiek guztiak oinarrizkoak dira norbanako eta talde-identitatea mantentzeko.

Hizkuntza indigena asko eta asko hizkuntza gutxituak dira, eta hizkuntza horiek, oro har, erabilera mugatuta izateaz gain, zailtasunak dituzte modu normalizatu batean erabiltzeko. Zailtasun edo muga horien adibide garbia eskolarena da. Prestigioa duen hizkuntzaren mesedetan eta norberaren hizkuntzaren kaltetan, ohikoa da komunitate horietako umeak hizkuntza hegemonikoan eskolatzea, ofiziala den hizkuntza bakarrean, alegia. Eta horrek, sarritan transmisioaren etena areagotzen du.

Denok dugu gure ama hizkuntza edo lehen hizkuntza ikasi eta garatzeko eskubidea, baina hizkuntza gutxituentzat zailagoa da eskubide hori gauzatzea. Nahiz eta 1953an UNESCOk ama hizkuntza eskolako hizkuntza izan behar duela aitortu zuen, hizkuntza indigena eta gutxitu askok oraindik ere ez dute presentziarik eskoletan edota presentzia hori ez da eraginkorra hizkuntza mantentzeko, eta are gutxiago, biziberritzeko. Horren ondorioz, hizkuntza asko galtzeko zorian daude.

Uste baino gehiagotan, hizkuntza indigena edota gutxitu bateko hiztunak eleaniztunak dira, gehienetan hizkuntza hegemonikoa ere ezagutzen dutelako. Ez hori bakarrik, zenbaitetan mugakide diren komunitateetako hizkuntzak ere ezagutzen baitituzte. Horregatik eleaniztasunaren balioa eta indarra azpimarratu nahi ditugu, komunitate indigenen ahalduntzearen bidetik ama hizkuntza oinarritzat hartzen duen eskola eleaniztunerako urratsak eman daitezkeelako, eta hori garapenerako motorra izan daitekeelako. Egoera hori gogora ekartzeko ONUk 2019 urtea izendatu du Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea.

Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea eta Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna bezalako aldarrikapenak beharrezkoak ditugu gehienetan gutxituak diren hizkuntza horiek ezagutarazteko, bide bat izan baitaiteke kontuan hartuak izan daitezen eta berdintasunezko tratua lor dezaten. Hizkuntza horiek mantentzea, biziberritzea eta haien erabilera sustatzea ezin bestekoa da hizkuntzen aniztasuna ez ezik herrien iraupena eta garapena ere bermatzeko, eta nola ez Garapen Iraunkorreko 2030 Agendaren helburuak betetzeko.

UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedratik ere gure aletxoa jarri nahi dugu proiektu honekin. Horregatik, Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea gogoan izateko, guretzat gertuagokoak eta ezagunagoak diren hizkuntzekin batera hizkuntza indigenei eman nahi izan diegu ahotsa animazio digital baten bidez.

Informazio gehiago hemen.

Tags: Día Internacional de la Lengua MaternaeleaniztasunaHINU2019IYIL2019MHOUKNazioarteko Ama Hizkuntzaren EgunaONU