Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Adinekoak eta beren garrantzia Kanadan sechelt hizkuntzaren biziberritzerako
Adinekoak eta beren garrantzia Kanadan sechelt hizkuntzaren biziberritzerako - Image

Rita Poulsen-ek sechelt hizkuntza edo she shashishalhem irakasten die haur hezkuntza eta 12. maila bitarteko ia 200 ikasleri, Chatelech Bigarren Hezkuntzako zentruan eta Kinnikinnick Lehen Hezkuntza eskolan, Kanadako British Columbia probintziako Sunshine Coast eskualdean. Corus Entertainment komunikazio enpresak eta British Columbiako Irakasleen Federazioak (BCTF) Poulsenen irakasle lana aitortu dute.

Poulsenek hamar urte daramatza eskualdean lanean, aurretik Sechelt Nazioko zaharrenekin lan egin zuen hizkuntzen curriculuma osatzen. Donna Joe, bere izebak, 25 urtez eraman zuen eskualdeko hizkuntza-programa Poulsenek bere zuzendaritzapean hartu aurretik. Adinekoen laguntzarik gabe, ez litzaioke posible izango hizkuntzaren biziberritzean laguntzea.

Rich Overgaard, BCTF-ko ordezkari batek dioenez, asko baloratu zuten Ritak ikasgelan egiten duen Sechelt Nazioarekiko lotura, eta oinarrizko eta bigarren hezkuntzako ikasketetan izan duen eragina hezkuntzatik haratago doala adierazi dute. Poulsenek hasieratik izan zuen irakaskuntzarekiko pasioa eta naturan oinarritutako ikaskuntza esperimentaleko bi urteko graduondoko programan graduatu zen Simon Fraser Unibertsitatean. Aldi berean, Sechelt hizkuntza irakasten zuen. Klasean erabiltzen duen metodologiak ikasleak aulkietatik altxatzera gonbidatzen ditu, eta perkusioa eta kantua sartu ditu Tl’ikwem dantza taldearen bitartez. Poulsenen esanetan, honek ikasleei haien kultura eta identitatearekiko konfidantza eta harrotasuna ekartzen die.

Poulsenen ametsik handiena sechelt hizkuntza erabiltzen duen murgiltze eskola bat zuzentzea da. British Columbia probintziako hainbat komunitate indigenek hezkuntza eredu hau hartu dute jada. Campbell River eskualdean, adibidez, duela gutxi, kwak’wala hizkuntzan murgiltze hezkuntza programa pilotu bat abian jarri da. Poulsenek Hawaiira egindako bidaian ere ikusi du nola han hawaiar hizkuntza murgilketa hezkuntzaren bidez bizberritzen ari diren.

Poulsenen ustez,  ikasleek taldeko dantza eta kantetan shashishalhem hizkuntza erabiltzean erakusten duten harrotasunak aurrera egiteko indarra ematen die.

Jatorrizko informazioa hemen.

 

Tags: Canadáhezkuntzahizkuntzen biziberritzeaKanadarevitalización lingüísticasecheltshe shashishalhem