Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Adiskidetze ekintza plana Australiako Vincent Hirian
Adiskidetze ekintza plana Australiako Vincent Hirian - Image

Australiako Vincent Hirian adiskidetze ekintza plan berria argitaratu zen apirilean eta 2019ko uztailetik 2021ra arte iraungo du. Nagusi aborigenekin elkarlanean sortu zeneko plan honek, kaleen eta monumentuen izenak noongar hizkuntzan jartzea, eta hiriko langileen noongar hizkuntzaren erabilera sustatzea ditu helburu besteak beste.

Noongar edo nyungar hizkuntza 475 jatorrizko hiztun dituen (2016ko zentsuaren arabera) Australia mendebaldeko hizkuntza da.

Vincent hiriko alkateak, Emma Colek, esan du planaren helburua bertako pertsonentzat, komunitateentzat eta erakundeentzat esanguratsuak diren emaitzak lortzea dela. Emaitza horien artean, enpleguan parte-hartzea, eta jabetze eta diru-laguntza aukerak handitzea daude. Colek dio helburuak ezarriko dituztela aborigenentzako lan-egoera hobetzeko, eta jada hasi direla bertako institutuko ikasle aborigenentzako bi praktika plazen sorrerarekin.

Udala komunitatearekin harremanetan jarri da Swan ibaiko Banks Reserve parkea berrizendatu edo elebitan izendatzeko, izan ere kulturalki munta handikoa baita erreserba hau Whadjuk Noongar pertsonentzat. Colen hitzetan, komunitatearekin harremanetan egotea eta izen aldaketa haiekin kontsultatzea garrantzitsua da errespetuz tratatu behar den gai sentikorra delako.

Adiskidetze ekintza planean noongar hizkuntzaren erabilera sustatzea ere agertzen da. Colek dio helburua ez dela langile guztiek jariotasuna lortzea noongar hizkuntzan, baizik eta agurrak eta ohikoak diren hitzak erabiltzea emailetan eta ahozko komunikazioan.

Beste eginkizunetako bat izango da noongar kulturaren sustapena, besteak beste hizkuntza komunikazioetan erabiltzen, eta sei noongar udaroei buruzko ezagutza hedatzen (sei udaroei buruzko informazioa hemen). Bigarren honek bertako klimaren ulermen eta parkeen eta lorategien kudeaketa hobea bermatuko du.

Australiako adiskidetze zuzendari nagusia den Karen Mundinek (bere profila hemen) dio honelako ekimenek konfiantza eratzen, aurreiritziak suntsitzen eta aborigenen harrotasuna handitzen laguntzen dutela.

 

Jatorrizko informazioa hemen.

 

Izenak bertako hizkuntzan jartzeari buruzko berri gehiago:

– Cook uharteen izen aldaketari buruzko berria hemen (2019/03/25)

– Ayutla Mixeko kaleen izen aldaketari buruzko berria hemen (2019/01/16)

– Leongo kaleetako plaka elebidunei buruzko berria hemen (2018/09/18)

– Melbourneko 10 auzoren izen indigenei buruzko berria hemen (2018/08/09)

– Peruko Tupe barrutiko kaleen izen elebidunei buruzko berria hemen (2016/01/13)

Tags: AustraliaAustraliako hizkuntzakCity of Vincentizen aldaketaizenakLenguas de Australianoongar