Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Ahaztutako 10 auzoen izen indigenak Melbournen
Ahaztutako 10 auzoen izen indigenak Melbournen - Image

Hamar izen aborigen, orain arte ahaztuak eta Melbourneko XIX. mendeko guneak eta auzoak izendatzeko erabiliak, aurkitu dituzte berriki Melbourneko museoan. Horien artean Fitzroy (Ngár-go), Richmond (Quo-yung), Collingwood (Yálla-birr-ang) eta Brunswick (Bulleke-bek). Aurkitutako izenak woiwurrung hizkuntzan daude, antzina Melbourneko hiriko gunean hitz egiten zena.

Toponimo horiek, Alfred William Howit, Gippsland-eko magistratu eta antropologoak egindako oharren artean aurkitu dira. Dirudienez aurkitutako oharrak magistratuak izandako elkarrizketa batzuk jasotzen dituzte, alegia, William Barak, Wurundjeri-willam herriaren buruzagi edo ngurungaeta-rekin eta Dick Richards, Barak-en kulin-eko taldekidearekin 1897 eta 1901 bitartean izandakoak (kulin-a gaur egun Australiako Victoria estatuko erdialdean bizi ziren herri aborigenen federazioa zen). Esan behar da Wurundjeri-willam herria gaur egun Melbourneko iparraldean dauden lurren jabe tradizionala dela. Nahiz eta mapa bat ez izan, aurkitutako izenek gertaera garrantzitsuak eta antzinako istorioak William Barak-en klanaren lurrekin lotzen dituzte. Diogun moduan, aurkikuntzak lekuak izendatzeko 10 toponimo berri eskaintzen ditu eta gainera beste argitalpen batzuei esker ezagutzen denari xehetasunak gehitzen dizkio.

Hitz, esaera eta toponimo indigenak kolonizazio garaietatik erabili izan dira Australian, baina sarritan euren osotasun eta konplexutasuna kontuan hartu gabe. Unibertsitatetan, esate baterako, izenak gogo handiz hartzen ari dira gune publikoak eta bilera gelak izendatzeko. Horrez gain, udalerri batzuek antzinako izen indigenak erabiltzearen alde agertu dira parke berrien, erreken eta kaleen izen legez.

Woiwurrung-a Australiako hizkuntza indigena bat da, hain zuzen ere, wurundjeri herriaren hizkuntza. Herri horrek beste bertako lau naziokin kulin edo federazio bat osatzen zuen.
Hizkuntza gaur egun oraindik hitz egiten da, baina kolonizazioaren eraginen ondorioz, desagertzeko arriskuan dago.

Informazio gehiago hemen.

Tags: Australiako hizkuntzakLenguas de AustraliaMelbournetoponimiaWoiworrung