Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Arriskuan dauden hizkuntzetan egindako poesia biltzeko deialdia
Arriskuan dauden hizkuntzetan egindako poesia biltzeko deialdia - Image

Artikulu honetan Erresuma Batuko Poesiaren Nazio Eguna dela eta antolatu duten ekimen baten berri ematen digute. Ekimena Poesiaren Liburutegi Nazionalak antolatu du eta lortu nahi dutena zera da, mundu guztiko jendeak arriskuan dauden hizkuntzetan poesiak bidaltzea bilduma bat egiteko. Lan hori Soas University of London-ekin batera egingo dute eta helburua gutxienez hizkuntza bakoitzeko poema bat gordetzea izango da bere ingelesezko itzulpenarekin batera.

Horrez gain, liburutegiak ezagunak diren lau olerkariri eskatu die poesia berriak idazteko eurak galdutako hizkuntzetan edo galtzeko zorian dauden hizkuntzetan. Horrela, Joy Harjo-k Amerikako jatorrizko Muscogee herriaren hizkuntzan idatziko du; Ipar Irlandako Gearóid Mac Lochlainn olerkariak Irlandako gaeleran egingo du; Nineb Lamassu irakiarrak asirieraz, bere herrialdeak aitortzen ez duen hizkuntza, eta Ugandako Nick Makoha-k bere jatorrizko hizkuntzan idatziko du, lugandaz, umetan bere herrialdeko diktaduratik ihes egin ostean galdu zuena.

Aipatu ditugun olerkari horiek euren lanak irakurtzeko aukera izango dute urrian Southbank Centre-en ospatuko den nazioarteko jaialdian. Bertan, jendeak bidali dituen poesiak ere ikusgai izango dira. “Espero dugu jendeak arriskuan dauden hizkuntzetan poesia asko bidaltzea, etorkizunerako gorde ditzagun” adierazi dute. Antolatzaileen arabera, jasoko duten material gehiena Erresuma Batuko hizkuntzetan egongo da segur aski, hau da, gaeleraz, kornubieraz eta manxeraz. Baina euskara edo bretoiera bezalako beste Europako hizkuntzetan ere espero dute nahikoa material biltzea.

Esan beharra dago, Lamassuk bere hizkuntzarekiko duen konpromisoa ekimen honetik harago doala. Bera errefuxiatu-esparruetan Irakeko asiriarrak paper zatietan idazten dituzten poemak biltzen ari da. “Batzuk erotzat hartzen naute oriandik hitzak sortzen ditudalako nire hizkuntzan, baina itxaropena dut, oraindik borrokan nabil nire hizkuntzaren desagerpenaren aurka. Baina ez naiz bakarra, beste asko daude. Nire semeari ‘maite zaitut’ esaten diodanean nire hizkuntzan biok dakigu askoz gehiago esaten ari naizela, hitzak esanahi handiagoa dutelako gure hizkuntza propioan”.

Liburutegiari eta jaialdiari buruzko informazio gehiago.

Poesiak bidaltzeko esteka.

Tags: Erresuma Batuaeuropako hizkuntzakgaelerahizkuntza gutxituakkornubieramanxerapoesia