Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Cook uharteen izen aldaketa
Cook uharteen izen aldaketa - Image

Cook uharteak Ozeano Barean dagoen Ozeaniako 15 irlaz osatutako uhartedia da eta 17.500 biztanle inguru ditu. Irletan ingelesa eta maorieraren aldaera bat hitz egiten dira.

James Cook kapitainaren izena jaso zuten 1835ean. Gaur egun, garai kolonialeko izen hori mantentzen dute baina planteatzen ari dira bertako biztanle indigenak aintzat hartuko dituen beste izen bat ematea. Proposamena Danny Mataroak eraman du aurrera eta helburua apirilerako gobernuan tokiko historia eta kultura barneratzen dituen izena aurkeztea da. Aukeretako bat “Avaiki Nui” da, hori da tokian erabiltzen dena uharteei erreferentzia egiteko, baina oraindik ez da 60 izen proposamenen artean bat aukeratu. Zelanda Berrian gertatzen den moduan, izen bikoitza izatea beste aukera bat litzateke (Aotearoa Zelanda Berriaren izena da maorieraz).

90ko hamarkadan Cook uharteen izenaren aldaketa atzera bota zen, baina oraingoan, irletako 12 buruzagiek prozedura honekin bat egiten dute. Behin gobernuak onartuta, biztanleriak bozkatu beharko luke.

Jatorrizko informazioa hemen.

VICEn, Zelanda Berriko hedabide kanal gaztea, sei cooktar elkarrizketatu zituzten adin eta genero desberdinekoak izen aldaketari buruz galdetzeko eta iritzi desberdinak daude VICEren artikulu honetan.

Ikaslea den 28 urteko Liam Kokaua-ren hitz hauek azpimarratzea gustatuko litzaiguke: “Cook uharteen izenak ez du ezer esaten guri buruz, kolonialismoari buruzko historia kontatzen du. Historia hori onartu beharko genuke gure historiaren zati bat baita, baina horrek ez gaitu definitzen.”

Martxoaren 19an, Cook Islands NEWS-en argitaratu zen berri hau esanez House of Ariki edo Are Ariki (Cook uharteen organo parlamentarioa) erabaki zuela Cook uharteen izena aldatu beharrean, gehituko zaiola biztanleak eta kultura islatzen dituen izen maori tradizionala. Hala ere, oraindik ez dago “Cook uharteak” ez den izen ofizialik.

Tags: Cook uharteakIslas Cookizenakmaorímaoriera