Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • “Edge of the knife” filma
“Edge of the knife” filma - Image

Kanadan aitortutako 70 hizkuntza indigena daude, gehienak Columbia Britainiarrean, non 170mila inguru biztanle indigena dauden. Hala ere, biztanleria horren %3ak bakarrik hitz egiten du hizkuntza indigenen bat jariotasunez. 2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu zen eta urte honetarako Kanadak bere finantzaketa igo du hizkuntzen mantentzerako 5mila dolarretik 118mila dolarrera.

Oso egoera kaskarrean dagoen Kanadako hizkuntza horietako bat x̲aad kil edo haida hizkuntza da. Haida komunitateak Haida Gwaii uhartedian bizi dira. First People’s Culture Council web orrialdeko datuen arabera, haida hizkuntzak jariotasun handiko 19 hiztun ditu. (Datu gehiago hemen). Zorionez, 265 ikasle ditu egun, eta, lehenengo aldiz, eskoletan irakasten da haida hizkuntza.

Haida hiztuna den Diane Brownen ustez, “Edge of the Knife” filmak egoerari lagundu dio. Izan ere, haida hizkuntzan grabatu izan den lehenengo filma da. Diane aktore izan zen filmean haida hiztunak behar zituztelako, baina filma egiteko haida hiztunak ez ziren beste aktore batzuk ere kontratatu zituzten. Haida hiztunak ez zirenek hizkuntza ikasi behar izan zuten, horretarako, komunitateko helduetara jo zuten Helen Haig-Brown eta Gwaai Edenshaw zuzendariek. Helduek haida hiztunak ez ziren 22 aktorerekin egon ziren 2 astez murgilketa esperientzia batean hizkuntza irakasteko. Horrez gain, nagusiek ingelesez idatzita zegoen gidoia haida hizkuntzara itzuli zuten, eta honi esker, ahoz transmititzen zen eta idatzizkorik ez zuen hizkuntza idatzia izan da. Beraz, esan daiteke helduen laguntza pelikularen sorreran (eta hizkuntzaren biziberritzean) ezinbestekoa izan dela.

Dianeren hitzetan, filmaren helburuetako bat zen haien seme-alabei haida hizkuntza irakasten laguntzea. Filmean Adiits’ii pertsonaiaren aldaketa ikusten da basora bizitzera doanean gaitz baten errudun sentitzen zelako. Aipatzekoa da filmak pertsonai nagusiaren bizipenaz ez ezik, haida komunitatearen historiari buruz ere hitz egiten duela: pelikula 1800 erdialdean kokatuta dago, europarrek uhartedia kolonizatu zutenean (1853).

 

Jatorrizko informazioa hemen.

 

Tags: Canadáfilmahaidahizkuntzen biziberritzeaKanadarevitalización lingüística