Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Hizkuntza gutxituak biziberritzen, familia bizitza eraldatzen
Hizkuntza gutxituak biziberritzen, familia bizitza eraldatzen - Image

Revitalise proiektuaren esparruan orain dela gutxi Edinburgon egin duten tailer batean oinarrituta idatzi du Michael Hornsby-k blog honen sarrera. Tailerraren ardatza hizkuntza gutxituen transmisioa izan zen, zehazki, bai etxean bai etxetik kanpo ematen den transmisioaren erronken garrantzia bizi dugun momentu honetan. Gai honi buruz problematika eta egoera desberdinak azaldu ziren, gaelera, galesera edo irlanderarekin lotutakoak. Esteka honetan hitzaldiei buruzko informazio gehiago dago eskuragarri.

Autoreak dio Britainian belaunaldien arteko transmisioa, jakina, ematen dela, baina orain nabarmenak direla beste transmisio mota batzuk, berak kreatibo edo sormenezko moduan definitzen dituenak. Transmisio berri horiek, eskolan, helduen artean edota hiztun berriak diren gurasoek euren seme-alabak hizkuntza berrian haztean ematen dira, besteak beste.

Britainiaren kasuarekin jarraituz, autorearen arabera, guraso askok euren seme-alabak bretoieraz hezitzea aukeratzen dute eta hori sarritan murgiltze hezkuntzarekin lagundu, baina ez beti, askorentzat eskoletan erabiltzen den aldaera ez delako behar den bezain garbia eta batzuen ustez, kaltegarria ere izan daitekeelako jatorrizko hiztun berrientzat. Sarreran beste gai bat ere nabarmentzen da, askotan arreta handirik jartzen ez diogun gaia, hain zuzen ere: hizkuntza gutxituen transmisioari eta jatorrizko hiztun berriei buruz ari garenean, kontuan hartu behar dugu hiztun horiek ingelesa edo frantsesa bezalako beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten dutela, hau da, eleanitzak dira eta euren hizkuntza praktikek gaitasun eleanitz horiek islatzen dituzte.

Hiztun berri horiek ez dute gure aitona-amonek bezala hitz egiten, baina horrek benetan harritu egin behar gaitu? hori da autorearen galdera. Umeen eta gazteen hitz egiteko era konparatzen badugu helduek erabiltzen duten hizkerarekin, desberdintasunak ikusiko ditugu eta hori hizkuntza nagusiekin ere gertatzen da. Izan ere, garrantzitsua da “desberdintasun” hori beti egongo dela onartzea, baina agian onartze hori biziberritze prozesua aurreratua dagoenean ematen da.

Sarreran hizkuntza desberdinen hiztun berriei buruzko bibliografia ere aipatzen du autoreak: hawaiera (Wilson, 1996), kornubiera eta manxera (McLeod, 2008) edota irlandera (Ó Giollagáin, 2004; Ó Giollagáin & Mac Donnacha et al, 2007), esate baterako. Zerrenda horri, guk Ane Ortegak y Estibaliz Amorrortuk katedrako kideek euskararen hiztun berriei buruz egindakoa gehituko diogu (Ortega, A., Amorrortu, E., Goirigolzarri, J. & Urla, J., 2016).

Gainera autoreak dioenez, blogaren sarrerak EU COST Action IS1306 network “New Speakers in a Multilingual Europe: Opportunities and Challenges” sarearen esparruan egindako ikerketetan eta eztabaidetan daude oinarrituta. Azpimarratu behar dugu lehen aipatutako katedra kideak sare horren kide ere badirela.

Sarrera osoa irakurri.

Tags: bretoieraCOSTeuropako hizkuntzakgaelerahiztun berriakirlanderaRevitalise