Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Kolonizazioaren eraginak Australiako hizkuntza indigenetan
Kolonizazioaren eraginak Australiako hizkuntza indigenetan - Image

Australia kolonizatu zenean, 250 hizkuntza inguru zeuden, hizkuntza aniztasun handiko herria zen. Tamalez, 2016ko datuen arabera, soilik biztanle indigenen %10ak hitz egiten du hizkuntza indigenaren bat etxean.

20.mendeko erdialdean egiten ziren misio gehienetan, bertako hizkuntzak ingelesarengatik ordezkatu behar ziren. Commonwealth-eko Hezkuntza Bulegoak bere asmoak azaldu zituen 1953an: “…asimilazioak lingua franca bat exijitzen du ahalik eta arinen, ez bakarrik europear eta aborigenen artean, baizik eta aborigen eta aborigenen artean ere. Lingua franca horrek ingelesa izan behar du… Hizkuntza zaharra berri batengatik ordezkatzeak ez du zertan aldatu haien giza-egitura tradizionala, behintzat ez kristau erlijioaren ezarketak baino gehiago. Izan ere, hizkuntzaren aldaketak erlijioaren aldaketan ere lagun dezake.”

Kolonizatzaileen helburua indigenak asimilatzea zen. Beraz, haien erlijioa eta hizkuntza sartu nahi zituzten bertakoen hizkuntzak eta sinesmenak ordezkatuz. Hala ere, misiolari askok lan inkoherenteak egin zituzten. Alde batetik, hizkuntza indigenen galera azkartu zuten ingelesa irakasteko, bertako umeak guraso eta komunitateetatik banatzen zituztelako haien arteko hizkuntza ingelesa izan zedin ziurtatzeko. Bestetik, Biblia irakasteko, bertako hizkuntzetara itzultzen aritu ziren. Itzulpengintza lan horiek oso garrantzitsuak izan ziren hizkuntza indigenentzako eta tribu batzuetan, itzultzaile horietan oinarritzen ziren haien hizkuntza eta ezagutza gorde eta hurrengo belaunaldietara iritsarazteko. Gaur egun ere, material horiek erabiltzen dira oraindik hizkuntza horiek biziberritzeko.

Gauzak horrela, indigena askok azkar ikasi zuten ingelesa; haien interesekoa zelako, eta beharbada, erraztasuna izan zuten lehendik ere eleanitzak zirelako. Azkenean, ingelesa haien hizkuntzak baino gehiago erabiltzen hasi ziren.

Egoera txar hori mantendu zen urteetan zehar, eta 60ko hamarkadan hobetuz joan zen arren, 1973 urtera arte  ez zen bertako ama hizkuntzarik hezkuntzan sartu, eta eskola indigena aukeratuetan soilik. Gaur egun Australiako hizkuntza indigena batzuk ikasteko aukera badago eta ibilbidea luzea delarik ere, beste batzuen artean, kaurna eta awabakal hizkuntzak biziberritzen hasiak dira.

 

Jatorrizko iturria hemen.

Tags: AustraliaAustraliako hizkuntzakcolonizaciónhizkuntza indigenakkolonizazioaLenguas de Australialenguas indígenas