Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Lehenengo irratsaioa shipibo-konibo hizkuntzan
Lehenengo irratsaioa shipibo-konibo hizkuntzan - Image

Peruko irrati eta telebista nazionaleko institutua (IRTP) deszentralizazio planarekin hasi zen 2018an. Horri esker, Piura eta Arequipan bertakoentzat zuzendutako berriak eskaintzen dituzten deszentralizatutako albistegiak sortu ziren.

Orain, “El Informativo descentralizado de Nacional Pucallpa” irratsaioarekin hasi dira Pucallpan Radio Nacional de Pucallpa irratian. Irratsaioa Ucayaliko shipibo-konibo, yine, kakataibo, eta beste herri indigenei zuzenduta dago.  Bertan haien problematika, kultura, ohitura eta identitateari buruzko berriak entzun ahal izango dituzte shopibo-konibo* hizkuntzan zein beste 16 jatorrizko hizkuntzatan eta irratian zein haien Facebook orrialdean egongo dira entzungai. Berri horiez gain, garrantzi nazional zein mundu zabaleko gertaerak ere sartuko dira.

IRTParen ekimen honek herri indigenen kultura eta jatorrizko hizkuntzak integratzen, sustatzen eta hedatzen lagunduko du. Kultura ministro den Luis Jaime Castillo Buttersek irratsaioak berezko hizkuntzaren balioa handitzearen eta errespetatzearen hasierari ekiten diola dio. Herri bezala, haien interesekoa da hizkuntza eta kultura horiek bizirik irautea, haztea, aurrera egitea eta etorkizunean, herrian guztiz integratuak egotea, herriko garapenaren ardatz izan daitezen.

Bere aldetik, Interkulturalitatearen ministrordeak, Elena Burgak, dio Kultura Ministeritzatik lan egiten ari direla haien hizkuntzak ikustarazteko eta Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuetan bertako hizkuntzen erabilera bermatzeko.

*Shipibo-konibo hizkuntzaren 22.500 hiztun inguru daude eta Peruko bost eremu hauetan hitz egiten da: Ucayali, Loreto, Madre de Dios, Huanuco eta Lima. Hizkuntza honi buruzko informazio gehiago hemen.

Jatorrizko berria hemen.

Tags: irratiaPeruPeruko hizkuntzakradioshipibo-konibo