Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Leongo kaleek plaka elebidunak izango dituzte leoneraz eta gazteleraz
Leongo kaleek plaka elebidunak izango dituzte  leoneraz eta gazteleraz - Image

Leongo Udalak osoko bilkuran onartu du, Ciudadanos alderdiaren abstentzioarekin, hiriko kaleen izenen plakak hemendik aurrera elebidunak izatea, gazteleraz eta leoneraz. Gainera, euren atzealdea ohiko urdinaren ordez morea izango da, Leongo banderaren idiosinkrasia mantentzeko. Hori da Leongo udalak ekainean egindako osoko bilkuran onartutakoa Unión del Pueblo Leonés alderdi erregionalistak aurkeztutako mozio bati esker.

Onartutako mozioa betez, hondatutako seinaleztapen plakak ordezkatuko dira eta orain ez daudenak jarri. Horrez gain, neurriak seinaleztapen berriak erabiltzea aurreikusten du izen frankistak dituzten kaleen izenak ordezkatzeko. Hori da Udalak egingo duena Memoria Historikoaren Legeak ezarritakoa betetzeko.

2007an Gaztela eta Leongo Autonomi Estatutuan leonera edo llionés erregioko hizkuntza propio bezala aitortu zen (5.2 artikulua), baina hala eta guztiz ere, orain arte ez dira bultzatu hizkuntza sustatzeko, ezagutarazteko edo hezkuntzan txertatzeko ekimenik. Trueitas/Truchas-eko udalak edo El Teixu, Faceira edo Furmientu bezalako astur-leonesaren aldeko elkarteek egindakoak salbuespenak izan dira. Azaldu dugun Leongo ekimen hau esanguratsua izango da hiriburu horretan hizkuntza ezagutarazteko. Gaztela eta Leongo Batzarrak orain dela gutxi hartutako beste neurri bat Leongo Unibertsitatean Leondar Ikasketen Katedra bat sortzea izan da.

Leonera, asturiera edo astur-leonesa Asturias, Leon eta Zamorako probintzietan hitz egiten den hizkuntza da, Portugaleko mugan dagoen Tierra de Miranda izeneko eskualdeaz gain (han legalki mirandera bezala ezagutzen da). Hizkuntzak guztira 600.000 hiztun inguru ditu, eta Leongo zonaldean 20.000 dira, gehienak adinekoak. Gogoratu behar da, Asturias eta Leongo mendebaldean, Eo-Navia, Bierzo eta Sanabria-ko eskualdeetako udalerri batzuetan galiziera hitz egiten dela.

Informazio gehiago hemen.

Tags: astur-leonesaasturieraerrotulazioaGaztela eta LeonLeonleonerarotulacióntoponimia