Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Mapuzuguletuaiñ elkartearen ekimenak mapuzugun hizkuntzaren biziberritzean
Mapuzuguletuaiñ elkartearen ekimenak mapuzugun hizkuntzaren biziberritzean - Image

Mapuzugun edo maputxe hizkuntzak, Txile eta Argentinako hiztunak batuta, 250mila hiztun inguru ditu.

Mapuzugun hiztunen kopurua jaisten ari zenez nagusien heriotzengatik eta transmisio faltagatik, elkarte maputxeak sortu ziren mapuzugun hizkuntza irakasteko. Horien artean Mapuzuguletuaiñ Wallmapu mew (Wallmapun mapuzugunez hitz egingo dugu).

Mapuzuguletuaiñ elkarteak jariotasunez komunikatzeko gai diren 150 hiztun berri hezi ditu klase presentzialen, online ikastaroen eta, batez ere, murgilketa barnetegi (koneltün) batzuen bidez. Hiru aukera horiek izateaz gain, hiruretan irakaskuntza metodologia onak izatea oso garrantzitsua da. Hasieran ikuspegi gramatikaletik abiatu ziren arren, komunikatzailera pasatu ziren. Kritikatua izan den arren, Mapuzuguletuaiñ elkarteak eskaintzen duen hizkuntza irakaskuntza murgilketan zentratzen den bakarra da, hau da, mapuzugun hizkuntza irakasten da mapuzugunez.

Hiztun eta aktibista Alberto Huenchumillaren ustez, hizkuntzaren irakaskuntza eta biziberritzea gobernuan baino, haiengan, maputxeengan dago. Politika guztiak biziberritzearen alde egon arren, maputxe komunitateko kideek ez badute ikasten, politikek ez dute ezertarako balio.

Jende askok “mapuchometroa” erabiltzen du pertsona baten identitatea erabakitzeko, eta “mapuchometro” horretan, azalaren kolorea eta abizenak bezalako irizpideak erabiltzen dira. Paula Huenchumillak, Mapuzuguletuaiñ erakundearen buruak, dio hizkuntza eta identitatearen arteko lotura oso indartsua dela, eta bere ustetan, “mapuchometroa” baino indartsuagoa izan beharko litzateke hizkuntza. Mapuzuguna jakinez gero, maputxe identitatea har daiteke; hizkuntza inolako eskakizunik ez duen sarrera atea da. Paulak bere familiako historia ezagutu du mapuzugun hizkuntzari esker. Izan ere, bera txikia zenean, maputxeekin lotutako guztia tristea zela uste zuen; herri deprimitua zela diskriminatzen zituztelako. Beranduago izan zen dantzak, festak eta bestelako pozak ezagutu zituenean eta bere aurreko ustea aldatu zuenean.

Txaytxayko maputxe herriko Esterrek mapuzuguna ikasi zuen Mapuzuguletuaiñ erakundeak eskainitako udako barnetegietan, eta bere familiaren historia hizkuntzarekin bestelakoa izan zen. Albertoren gurasoek ez bezala, Esterren gurasoek, beste askok bezala, hizkuntza erabiltzeari utzi zioten eskolan hizkuntza erabiltzeagatik sufritu izan zituzten zigorrengatik. Bere aiton-amonek mapuzugunez hitz egiten dute konfiantzazko eremuetan bakarrik, eta ez zieten seme-alaba guztiei transmititu. Ester ailegatu zenean, egoera aldatzen saiatu ziren: bere aitonak mapuzuguna irakasten zion, baina Esterri zaila iruditzen zitzaion. Udako barnetegiei esker, Ester hizkuntza ikasteko gai izan da, eta gaur egun, bere amonak zerbait esaten duenean mapuzugunez, ulertzeko gai da Ester.

Jatorrizko informazioa hemen.

Maputxe komunitateari buruzko informazio gehiago bideo honetan.

Tags: ArgentinaChilehizkuntza gutxiagotuakhizkuntza murgiltzeahizkuntzen biziberritzeainmersiónirakaskuntzalenguas minorizadasmapudungunmapudungunamaputxemetodologiarevitalización de lenguas