Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Metodo berriak Ipar Amerikako hizkuntza indigenak salbatzeko
Metodo berriak Ipar Amerikako hizkuntza indigenak salbatzeko - Image

Artikulu honetan, Ipar Amerikako herri batzuk euren hizkuntzak sustatzeko egiten ari diren ahaleginei buruz hitz egiten digute; nola metodo desberdinei esker hiztun kopurua eta komunitatearen interesa handiagotzen saiatzen ari diren, hain zuzen ere. Artikuluaren hasieran XIX. mendean hasita, tribuko umeek eskoletan jasan behar izaten zituzten asimilatze prozesuez hitz egiten digute. Izan ere, umeak derrigorrez bidali behar izaten zituzten erlijiosoek zuzendutako eskoletara eta han, beste gauza batzuen artean, euren izenak “ingeleseratu” egiten zituzten eta euren hizkuntza ez zela nahikoa bizitzan aurrera egiteko irakatsi. Imajinatu dezakegunez, hainbeste belaunaldi ukitu zituen asimilatze hezkuntza horren eraginak nabarmenak dira oraindik. Horrek guztiak izan zuen eraginetako bat, tribuek euren hizkuntza alde batera uztea eta gero eta hiztun gutxiago egotea izan zen. Esan dugun moduan, orain tribuak metodo berrien bila ari dira eta teknologia berriak erabiltzen dituzte hiztun gehiago erakartzeko. Hona hemen adibide batzuk:

1- Tlingit
Tribu honek 10.000 kide ditu eta batez ere Alaskako hego-ekialdean bizi dira. 2013an 125 hiztun bakarrik ziren, denak 60 urtetik gorakoak. Komunitate horretan aplikazioak eta podcast-ak sortu dituzte eskoletan tlingit ikasleekiko jarrerak aldatzeko eta kulturalki integratzaileagoa den ingurumen bat sortzeko. Bi dira oraingoz egin dituzten aplikazioak “Learning Tlingit” eta “Tlingit Language Games.” Lehenengoak oinarrizko hiztegi bat du, esamolde batzuk eta alfabetoa eta bigarrenean, erabiltzaileak irudiak aukeratu ditzake eta bertan agertzen diren objektuak nola deitzen diren entzun.

2- Choctaw
Estatu Batuetako hego-ekialdeko tribu honetan txikienak dira arazoa, izan ere, tribuko nerabeei edo zaharragoak direnei erreparatzek badiegu %75ek hitz egiten dute hizkuntza, baina umeen artean %15 bakarrik dira hiztunak. Gauzak horrela, tribuko liderrek hizkuntza eskolan sartzea erabaki dute haur eta lehen hezkuntzan. Horretarako irakasleak trebatzeari ekin diote: jatorrizko hizkuntzak irakasten ikasteko eta metodo propioak garatzeko.

3- Navajo
Estatu Batuetako komunitate indigenen hizkuntzen hiztunei dagokienez, hego-mendebaldeko tribu hau da gehien dituena. Gobernuak egindako zenbatespenaren arabera, 166.826 hiztun dira 286.731 kide duen talde horretan. Askotan gertatzen den moduan, horietako hiztun asko zaharrak dira eta ikerketa berri baten arabera, navajoek ingelesez egiten dute etxean %53 kasutan. Navajo nazioaren hezkuntza departamentuko arduradun batek adierazi duenez, eskoletako metodoak eta estandarrak hobetzea hizkuntza irakasteko ez da nahikoa eta hori da orain egiten ari direna; navajoerak bizirik irauteko belaunaldi berrien artean guraso eta aitona-amonak sentsibilizatu behar dira, hizkuntza transmititu dezaten eta transmisio horren ardura eskolen gain bakarrik egon ez dadin.

Artikulu osoa irakurri.

Tags: choctawhizkuntza gutxiagotuakhizkuntza indigenakIpar AmerikaIpar Amerikako hizkuntzaknavajonavajoeratlingit