Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak  •  Berriak • Udalekuak hizkuntza indigenen alde
Udalekuak hizkuntza indigenen alde - Image

2019ko uztailean 7 eta 8 urte bitarteko 20 umek Hoopa Valley erreserba indiarreko udalekuan parte-hartuko dute Kalifornia Iparraldeko estatuan (EEBB). Udalekuaren berezitasuna hupa hizkuntzan gauzatzea izango da.

Hupa hizkuntza edo na:tinixwe mixine:whe Hoopa haraneko 4 mila kide inguruko tribuan hitz egiten da. Kide horiei hupa edo hoopa izena eman zitzaien, baina na:tinixwe da haien burua izendatzeko erabiltzen dutena.

1850eko hamarkadan urrearen aurkikuntzak jende zuria erakarri zuen Hoopa haranera eta haiekin batera, kolonizazioa. 1893an Hoopa haraneko eskola indiarra sortu zuten kolonizatzaileek. Eskola horietan bertakoen arropa tradizionalak erre, izenak aldatu, eta hizkuntza debekatu egiten ziren.

Hainbeste mendetako egoera kolonial horren ostean, azkenik, hupa hizkuntza irakasten hasi ziren eskoletan, baina ez zen nahikoa izan hiztun jariotsuak lortzeko. Gaur egun, 20 pertsona inguruk erabili dezakete hupa hizkuntza jariotasunez gero besteei irakasteko edo transmititzeko. Hiztun berriak lortu behar diren egoera batean, murgilketarekin errazago lortzen da.

Murgilketaren ideiarekin, Sara Chase, na:tinixwe kidea dena, 2017an hasi zen udalekuen proiektuarekin Running Strong for American Indian Youth erakundetik 10.000 dolarreko diru-laguntza jaso zuenean. Chase 2014an graduatu zen Columbiako Unibertsitatean hizkuntzalaritza eta natiboamerikar ikasketetan.

2017ko lehen udalekuetan 15 ume hartu zituen 4 egunez, 2018an 20 umek parte-hartu zuten eta 5 egunez egon ziren udalekuetan. Aurtengo uztailean berriro antolatuko ditu udalekuak, baina bere ametsa noizbaiten bere eskola sortzea da.

Chasek egin duen esfortzu honen bezalako adibide ugari daude, eta eragin handia dute horrelako ekimen txikiek.

7 urteko Grace Kane haurra, udalekuen arrakastaren adibidea da. Gracek hupa hizkuntzan abesten du, txakurrari hupaz egiten dio eta bere ahizpa nagusiari irakasten dizkio hitz eta esaldi solteak. Gracen amaren esanetan, Gracentzat dibertigarria da, baina berarentzat hizkuntza salbatu ahal delaren itxaropena da.

 

Jatorrizko informazioa hemen.

Tags: CaliforniacampamentosEEBBEEUUhupaudalekuak