Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Euskara • Euskararen aldeko ekimenak

Korrika euskararen alde Euskal Herrian zehar lasterka egiten den martxa da, arineketan egiten den manifestazio baten modukoa. AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du. Bi urtez behin egin ohi da eta bi aste inguru behar izaten du lurralde guztia zeharkatzeko. Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi da. Ateratzen denetik amaitu arte, lekukoa eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere.

Lehen Korrika 1980an egin zen; eta orain arteko azkena, hemeretzigarrena, 2015an. 1999tik aurrera, Euskal Herritik at ere Korrika ekimenak burutu zituzten, atzerrian bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta.

Martxaren buruan, lekukoa duen pertsona joaten da. Kilometro oro, lekukoa erakunde edo pertsona zehatz batzuek eramaten dute. Erakunde edo pertsona horiek kilometroa “erosi” egiten dute, euskararen aldeko erakundeak ekonomikoki laguntzeko. Lekukoa Korrikaren lehen ediziotik gordetzen den zur tailatuzko makila eta ikurrina dira.

Testiguaren atzean, martxaren burua osatzen da, non urte bakoitzeko leloa dakarren pankarta ikus daitekeen. Pankarta horren atzean gainerako jendea biltzen da, musikarekin lasterka. Eta, ibilbide guztian zehar, ospakizun kultural ugari izaten da.

Izan ere, Korrikaren inguruan, ekimen kultural ugari (kontzertuak, tertuliak, hitzaldiak, antzezlanak, erakusketak…) egiten da herriz herri. Korrika Kulturalaren barnean biltzen den kultur programazioa da.

Korrikaren edizioak

-1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra: 1. Korrika, Oñati-Bilbo. Leloa: Zuk ere esan bai euskarari. Abestia: “Korrika 1” (Xabier Amuriza).

-1982ko maiatzaren 22tik 30era: 2. Korrika, Iruñea-Donostia. Leloak: AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde. Abestia: “Korrika 2” (Akelarre).

-1983ko abenduaren 3tik 11ra: 3. Korrika, Baiona-Bilbo. Leloa: Euskaraz eta kitto!. Abestia: “Korrika 3” (Egan).

1985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra: 4. Korrika, Atharratze-Iruñea. Leloa: Herri bat, hizkuntza bat!. Abestia: “Korrika 4” (Lontxo Aburuza).

-1987ko apirilaren 3tik 12ra: 5. Korrika, Hendaia-Bilbo. Leloa: Euskara, zeurea. Abestia: “Korrika 5” (Oskorri)

-1989ko apirilaren 14tik 23ra: 6. Korrika, Iruñea-Donostia. Leloak: Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK. Abestia: “Gu AEK-koak gara” (Xanti eta Maider)

-1991ko martxoaren 15etik 24ra: 7. Korrika, Gasteiz-Baiona. Leloa: Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria. Abestia: “Korrika 7” (Irigoien Anaiak eta Mikel Erramuspe)

-1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4ra: 8. Korrika, Iruñea-Bilbo. Leloa: Denok maite dugu gure herria euskaraz. Abestia: “Aide Korrika” (Tapia eta Leturia). Korrika Kulturala ekimena hasi zen, baita Korrika Kirolaria ere (azken hori, desagertua).

-1995eko martxoaren 17tik 26ra: 9. Korrika, Donibane Garazi-Gasteiz. Leloa: Jalgi hadi euskaraz. Abestia: “Bizi ganoraz” (Maixa eta Ixiar, Alex Sardui, Kepa Junkera).

-1997eko martxoaren 14tik 23ra: 10. Korrika, Arantzazu (Oñati)-Bilbo. Leloa: Euskal Herria Korrika!. Abestia: “Euskal Herria Korrika” (Gozategi).

1999ko martxoaren 19tik 28ra: 11. edizioa, Iruñea-Donostia. Leloa: Zu eta ni euskaraz. Abestia: “1 eta 1” (Joxe Ripiau). Bartzelona eta Londresko euskaldunek ere Korrikak egin zituzten.

-2001eko martxoaren 29tik apirilaren 8ra: 12. Korrika, Gasteiz-Baiona. Leloa: Mundu bat euskarara bildu. Abestia: “Big Beñat” (Fermin Muguruza).

-2003ko apirilaren 4tik 13ra: 13. Korrika, Maule-Iruñea. Leloa: Herri bat geroa lantzen. Abestia: “Gero bat gaurdanik” (Mikel Laboa eta Ruper Ordorika).

-2005eko martxoaren 10etik 20ra: 14. Korrika, Orreaga-Bilbo. Leloa: Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!. Abestia: “Ni ere bai” (Afrika Bibang).

-2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era: 15. Korrika, Karrantza-Iruñea. Leloa: Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. Abestia: “Heldu” (Niko Etxart eta El Drogas). Madril, Bartzelona, Mar del Plata (Argentina) eta Pekingo euskaldunek ere Korrikak antolatu zituzten.

-2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era: 16. Korrika, Tutera-Gasteiz. Leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!. Abestia: “Ongi etorri laguna” (Betagarri).

-2011ko apirilaren 7tik 17ra: 17. Korrika, Trebiñu-Donostia. Leloa: Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari. Abestia: “Pausoz pauso euskalakari” (Gose).

-2013ko martxoaren 14tik 24ra: 18. Korrika, Andoain-Baiona. Leloa: Eman Euskara Elkarri. Abestia: “Bagoaz” (Esne Beltza).

-2015eko martxoaren 19tik 29ra: 19. Korrika, Urepele-Bilbo. Leloa: Euskahaldun. Abestia: “Denok Korrikara”.

Gure Pinterest horman Korrikaren kartel guztiak ikusgai dituzue:

Iturria: Euskarazko Wikipedia

IKASTOLEN JAIALDIAK

Euskal Herriko herrialde bakoitzean (Iparraldeko hiruetan batera egiten dute), ikastolentzako dirua bildu eta euskara bultzatu asmoz, jaialdi erraldoiak antolatzen dira urtero. Edizio bakoitza herrialdeko ikastola batek antolatzen du, festa urtero herriz aldatuz (Ipar Euskal Herrian izan ezik, non urtero Senperen antolatzen duten). Ekimenon bidez, ikastolen behar ekonomikoei aurre egiteko eta proiektu berriak abian jartzeko dirua biltzen da eta biztanleria osoa gonbidatuta dago.

Jaiak herrialde bakoitzeko ikastolen federazioak antolatzen ditu, horrela:

Ikastolen Jaialdiak

Ikastolen Jaialdiak

Kilometroak, Gipuzkoan. Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia da. Urtero ospatzen da 1977az geroztik. Milaka eta milaka euskalzale biltzen dira urriko lehen igandean antolaketak prestatutako ibilbidea egin eta Gipuzkoako ikastolei bultzada emateko asmoz.

Ibilaldia, Bizkaian. Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an antolatu zuten Getxon lehenengo aldiz Uribe Kostako ikastolek. Ondoren, 1980az geroztik, urteroko hitzordu bilakatu da.

Nafarroa Oinez, Nafarroan. Nafarroa Oinez Nafarroa Garaiko ikastola pribatuen jaia da. Urtero ospatzen da, euskara bultzatzeko eta horrelako ikastetxeak sortu edo mantentzeko asmoarekin. Nafarroako Ikastolen Federazioa eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartea dira antolatzaileak. Nafarroa Garaiko ikastola publikoek (Euskararen Foru Legean zehaztutako zonalde euskaldunean eta mistoan baizik ezin dira ezarri) urtero beste jai bat antolatzen dute, Sortzen izenekoa. Ekimena 1981ean agertu zen, Nafarroa Garaiko ikastolen alegalitateak eta haien jarduera arautua aurrera eramateko diru laguntzarik ezak eraginda, Kilometroak ospakizunean egiten zena imitatuz. Denborarekin euskararen aldeko ekimen jendetsua bilakatu da; beste hainbat jarduera egiteaz gainera, urtero 100.000 pertsona inguru biltzen ditu aurretik finkatutako ibilbide batean, zeinetan hainbat jarduera eta ikuskizun gauzatzen diren.

Araba Euskaraz, Araban. Arabako ikastolen jaia da. Ikastolen Elkarteak urtero ospatzen du ekainaren erdialdean. Euskararen erabilpena Araba osoan bultzatzea du helburu jai honek, baita ikastolen azpiegiturak hobetzen lagunduko duen dirua lortzea, urtero ikastola arabatar batek antolatuta. Ospakizuna zirkuito baten inguruan antolatzen da, non publikoari zuzendutako hainbat ekintza burutzen diren (kontzertuak, bertso-saioak, eta abar). 1981ean Gasteizen antolatu zen lehen aldiz.

Herri Urrats, Lapurdin. Herri Urrats Seaskak urtero antolatzen duen euskal irakaskuntzaren aldeko festa da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dutena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin. Bildutako dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen dute. 1984an izan zen lehendabiziko edizioa.