Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Euskara • Euskararen Bilakaera

Euskararen hedadura aztertzerakoan beti azpimarratzen da hizkuntzak izandako mendez mendeko atzerakada, beraren ia etengabeko murrizketa geografikoa. Gaur egun galera prozesua etena dagoela esan daiteke. Euskara ez da ofiziala Euskal Herriko lurralde guztietan, baina zorionez, galduta zegoen lurraldeetan berpizten ari da.

K.A. II mendean erromatarrak sartu zirenean iberiar penintsulan eta latina ezarri zuten. Latinak garaiko euskara inguratzen zuten hizkuntza guztiak irentsiko ditu. Euskal Herriak ostera, eutsi egin zion oro har bere hizkuntzari. Dena den, euskarak ere lur eremu handiak galdu zituen: Iparraldeko Akitania, Aragoi, Nafarroa eta Arabako hegoaldeak, …

V mendean, erromatar inperioa deusezten ari zela, germaniar herri multzo batzuek (bandaloak, sueboak, eta alanoak) Pirinioak zeharkatzeari ekin zioten.

Euskararen Eremua Erromatar Garaian

Euskararen Eremua Erromatar Garaian

VI mendean, frankoek iparraldetik bultzaturik, bisigodoak sartu ziren penintsulan. Hauek germaniarren artean nolabait aurreratuenak edo zibilizatuenak ziren. Erresuma Bisigodoa sortu zuten penintsula ia osoa menpe hartu ondoren. Erromatarrek ez bezala, bisigodoek harreman txarra izan zituzten euskaldunekin; ia 3 mendeetan zehar etengabeko gerran aritu ziren.
Iberiar penintsulan latinizazioak sustrai sakonak zituen eta bisigodoen erresuma gorabehera latinak (edo honen forma bilakatuak) bizirik iraun zuen, euskarak bezala. Bisigodoak eurak ere latinizatu egin ziren eta VII menderako penintsulan ia galdua zuten euren hizkuntza. Hala ere, herri germaniarrek zenbait hitz utzi zituzten: gerra, xaboi, sala, harpa, gisa, arropa…

VIII. mendean arabiarrak penintsulan sartzen hasi ziren 711. urtetik aurrera, zazpi urtetan penintsula ia osoa mende hartu zuten, Euskal Herriko mugaraino. 700 urte igaro zituzten arabiarrek penintsulan, Gaztelak hasitako gerraren ondorioz kanporatu zituzten arte.

X. mendean kristauen erresuma musulmanen aurkako errekonkista hasi zen. Errekonkistak birpopulatzeak ekarri zituenez, hizkuntza ondorio ezberdinak sortu zituen Euskal Herrian. Batetik, badirudi euskaldun biztanleak hegoaldean ugaritu egin zirela. Arabako hegoaldean, Errioxa, Burgos eta Sorian eta Nafarroako erdialdetik hegoaldera. Bestetik, Bizkaiko mendebaldean, Enkarterrian, hiztun erromanikoak sartu zirenez, bertako hainbat tokitako euskara desagertu zen.

XI. eta XII. mendeen artean Gaztelako Erresumak Bizkaia (1180), Araba (1199) eta Gipuzkoa (1200) bereganatu zituen. Sarritan interpretatzen da gertaera hauek ekarri zutela euskal administrazioen hizkuntza ofiziala gaztelania izatearen arrazoia.
Izan ere, garai hartan garatzen ari zen gaztelania. Euskararen mugetan jaio zen eta Errekonkistan lortutako botere politikoaren bidez Gaztelak penintsula osoan ezarri zuen, beste erromantze batzuk zokoratuz.
Nafarroari dagokionez, Antso VI. a Azkarra Nafarroako erregearen garaian euskara lingua navarrorum izendatu zen (1167) alegia, nafarren hizkuntza.

XIII – XVI mendeen artean Gaztelako Erresumak Nafarroako erresuma menderatuko du (1200-1512). Beraz, botere politikoaren hizkuntza idatzia (gutxi batzuek zerabiltena) erromantze nafarra izatetik Gaztelania izatera pasatuko da.

XVI eta XVII mende tarteak gure literatura idatziaren hasiera markatzen du. Izan ere, 1545. urtean argitaratu zen lehen liburua euskaraz “Linguae Vasconum Primitiae”. Poema liburua da eta bere autorea Bernart Etxepare, Nafarroa Beherako herri txiki bateko apaiza izan zen.
Hala ere, gogoratu behar da 1539. urtean Frantzisko I. Frantziako erregeak latinaren ordez administrazioan frantsesa erabiltzeko agindua ezarri zuela eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza Gaskoia izatetik frantsesa izatera pasatuko da. Horrela, ez agirietan, ez testu teknikoetan euskarak ez zuen zabalkunderik izan.
Hegoaldean, hizkuntza mintzatuari dagokionean, Arabako hegoaldeko hainbat eskualdetan eta Nafarroako hegoaldean gaztelaniak euskarari gaina hartzen jarraitzen dio poliki-poliki. Euskarak eusten zion, nola edo hala, hedadurari, baina galdua zuen prestigio • ospe • izen onaren eremua. Euskara ezin zen erabili erakundeetan, ezta eskolan ere. Euskararen galeraren atea, beraz, zabalik geratu zen.

XVIII. mendean euskarak atzerakada garrantzitsua izan zuen Arabako lautadan, besteak beste, Gasteizko hiria gailendu zelako inguruko lurraldeen aldean, eta oro har Arabako lurralde osoan. Ipar Euskal Herrian, bestalde Iraultza Frantsesaren garaipenak (1789) euskal foruak deuseztatu zituen; eta geroago, 1793. urtean, legeak frantsesa nahitaez erabiltzeko betebeharra ezarri zuen.
Bestalde, euskarak lurralde zati handi bat eta hiztun kopuru handi bat galdu zuen Nafarroan. Euskaldunen Amerikarako joerak ere Euskal Herriko nekazaritza gune askotan (euskaldunetan beraz) eragin handia izan zuen.
Mendearen bukaera aldean, gainera, euskal herriaren historia garaikidea markatuko zuten gertakari erabakigarriak izan ziren: foruak deuseztatzea, industrializazioaren hasiera eta euskal nazionalismoaren eta sozialismoaren hastapenak.

1800. urterako Arabako euskararen galtzea ia erabat burutu zen, iparraldeko hainbat ibarretan izan ezik eta Nafarroan atzerapena biziki areagotu zen. Nafarroako erdi alde guztian, Iruñerrian eta Pirinioetako ibar batzuetan euskara desagertzen edo ahultzen ari zen garai hartan. Mende hartan Euskal Herriak pairatu zituen etengabeko gerrek eta haien ondorioz gertatu zen foruen edo lege zaharren galerak bizkortu egin zuten euskararen atzerakada.

Gaur egun euskararen transmisio naturalari eutsi dion eremua honako hau da: Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko lurralde ia osoa, Gipuzkoa osoa, Nafarroako ipar-mendebaldea eta Arabako ibar bat. Baina Euskal Herriko eskualde horietaz gain, euskara nonahi entzun eta erabil daiteke. Haur eta gazte gehienenek euskaraz ikasten dute eta hiztunen kopurua etengabe igotzen ari da. Euskara, aspaldiko partez, muga estuak puskatzen ari da.

Euskararen ofizialtasuna

Euskararen ofizialtasuna

Interesgarria iruditu bazaizu, gogoratu askoz gehiago ikasi dezakezula Euskararen Etxea bisitatuz, gida espezializatu bat dugu zure galdera guztiei erantzuteko. Etorri bisitan!