Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Hizkuntza Gutxituak • Hizkuntza aniztasuna garapen jasangarrirako helburu

Hizkuntza aniztasuna garapen jasangarrirako helburu

UnescoCatedra

 

 

 

 

 

 

17+1 Helburua: Hizkuntza eta kultura aniztasunaren bermea

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartutako 2030 Agenda garapen iraunkorra lortzeko ekintza-plan unibertsala bilakatu da. Halere, Agendak alde batera uzten du hizkuntzen alorra eta oso gutxi hartu du kontuan kulturak garapen iraunkorrerako funtsezko elementu gisa. Doktrinak eta esperientziak behin eta berriro erakutsi dute hizkuntzak ekonomiaren motore direla, giza-kohesioaren eta bakearen bultzatzaile eta azken batean giza eskubide kontu bat, horregatik garapen iraunkorrak nahitanahiez kontuan hartu behar ditu.

Badakigu munduko leku pobreenak eta desberdintasun handienak dituztenak aldaketa klimatikoaren eraginak ere gehien sentitzen dituzten lekuak direla eta horiek dira, hain zuzen ere, kultura eta hizkuntza aniztasun gehien dituzten guneak. Halaber, gune horietan sarri esplotazio multinazionalean oinarritutako garapen ereduak jasan behar izaten dituzte, eta horrek baztertze eta indarkeri handia sorrarazten du, batez ere emakumeen kontra. Horrez gain, bertako komunitateek mendeetan zehar garatutako jakintzak, besteekin eta ingurumenarekin elkar ulertzeko erabilitakoak, betirako galtzen ari dira. Agendak adierazten duen moduan pobrezia bada mundu mailan daukagun arazorik larriena, ezingo diogu aurre egin modu egokian lekuan lekuko kultura eta hizkuntza berezitasunak kontuan hartzen ez baditugu. Horregatik, bakoitzak norberaren hizkuntzari ematen dion garrantzia aitortzea ezinbestekoa da pobrezia eta gosea eragozteko.

Hezkuntzaren alorrean, benetako heziketa inklusiboa lortzeko beharrezkoa izango da kultura eta hizkuntza propioen erabilera bultzatuko dituzten ereduak garatzea. Gainera, ume guztien aukerak bermatu behar ditugu hizkuntza nagusiak ikasteko formakuntza eta kanpo harremanen aukera berberak izan ditzaten. Beraz, beharrezkoa da gutxienez elebidunak diren ereduak garatzea. Hori izango da bidea eskolak kalitatezko hezkuntza lortzeko: munduari komunitatearen identitate kultural propiotik begiratzen diona, baina ezinbestez interkonektatua dagoen munduan integratzen dena.

Euskal Herrian daukagun eskarmentua kontuan izanda, nabaria da komunitateen garapenean hizkuntzek eta kulturek duten garrantzia. Horregatik gure ustez, egindako ibilbidea gizarte osora zabaltzeko ardura hartu behar dugu agerian jartzeko kultura, hizkuntza eta gizakiaren arteko lotura, eta elementu horiek komunitatearen garapen integralean duten rola nabarmentzeko.

17+1. Helburua

Hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta aintzatespena bermatu pertsonen eta gizarteen garapenerako.

1. Hizkuntza gutxiagotuak dituzten komunitateak ahaldundu eta ezagutarazi identitate desberdinak indartzeko.

2. Herri eta kultura desberdinak kontuan hartzen dituzten lege egokiak eta hizkuntza politika eraginkorrak bultzatu

3. Tokiko hizkuntzen integrazioa lortu hezkuntza sistemetan, gutxienez lehen eta bigarren hezkuntzan.

4. Gutxienez hizkuntza biren erabilera praktikoa bermatuko duen hezkuntza eredu elebi/eleanitzak bultzatu, beti ere hizkuntza gutxiagotua modu eragingarrian irakasten dela ziurtatuz.

5. Eten digitala murriztu eta teknologia berriak hizkuntza guztietan, batez ere gutxiagotuetan, eskuragarri jarri.

6. Hizkuntza gutxiagotuen presentzia bermatu hedabide mota guztietan: idatzizkoak, ikus-entzunezkoak edota teknologia berrien alorrean garatutakoak.

7. Zerbitzu publikoetan, batez ere osasunaren eta justiziaren alorrean, komunitate desberdinen hizkuntzen erabilera bultzatu, bereziki komunitate indigenen kasuan.

Datu esanguratsu batzuk:

– Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude bizirik

– Hizkuntza aniztasun handiena duen herrialdea Papua-Ginea Berria da, 850 hizkuntza inguru dituena

– Gutxi gorabehera munduko hizkuntzen %50 desagertzeko arriskuan dago.

– Interneteko edukiaren %90 12 hizkuntzetan bakarrik dago.

– Munduko hizkuntzen %96 biztanleen %4k soilik hitz egiten ditu.

– Hizkuntza aitortu gehien dituen herrialdea Bolivia da 37 hizkuntza ofizialekin.