Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Jarduerak Eta Espazioak  •  Jarduerak  •  Jarduerak Agenda • Erakusketa: Olentzero munduan/Arraun the World

Jardueren Agenda

Erakusketa: Olentzero munduan/Arraun the World

Apirilak 14, Astelehena - Maiatzak 31, Larunbata
09:00 - 17:30

Apirilak 14 – maiatzak 31

Iñigo Iraultza (Iru) leioarra, Olentzeroren biloba dugu. Olentzero munduan/Arraun the World  ekimenaren bidez, Euskal Herrian diren ume etorkinen opari eta mezuak banatzen ditu hauen jaioterrietan.

Afrika aldean, Filipinetan eta Ertamerikan izan zen lan berezi hau burutzeko xedez.

Berak hala azaltzen du, ekimenaren nondik norakoak: “Ideia duela zenbait urte sortu zen. Gabonak zirela eta, Olentzero lanak burutu behar izan nituen Bilboko auzo batean, umeen gutunak jasotzen, etab…

Gutun hauetako asko ume etorkinen gutunak ziren eta hauetan ume hauek bere jaioterrian utzitako senideentzako opariak eskatzen zituzten. Ideia hori buruan bueltaka izan nuen eta, hasieran, munduan zehar bidaiatzen zuen Olentzeroren bilobaren inguruko istorio bat idazten hasi nintzen. Istorioa idazten ari nintzela nik neuk Olentzeroren bilobaren papera bete nezakeela pentsatu nuen, eta zenbait lagunen laguntzarekin ekimena gorpuzten hasi zen.

Esan bezala, Olentzerori bidalitako gutun horietan guztietan haien jaioterriko helbideak azaltzen ziren (Maroko, Senegal, Kolonbia … ). Olentzerok bere lana bete behar zuenez, haur hauen eskaerak ere bete ahal izateko Euskal Herritik kanpo atera behar izan du. Olentzero zaharra bere baserrian gustura dagoenez eta Euskal Herrian jada lan handia duenez, bere bilobari egokitu zaio munduan zehar bidaiatzea. Bidaia hauei esker, gainera, gurea den ohitura bat munduan zehar ezagutzera emateko aukera dugu eta, bide batez, guk geuk ere beste herrialdeetako ohitura ere ezagutzeko aukera izan dugu”.

Olentzero munduan/Arraun the World ekimenaren funtsaz hauxe esan du: “Esan bezala ekimen honen xede nagusia Euskal Herrian diren ume etorkin horien guztien nahia betetzea da. Horrela, Olentzeroren bilobak egiten dituen bidaia hauetan Euskal Herrian diren haur horien senitartekoak bisitatzen ditu hauei opariak emateko. Opariek ez dute zertan materialak izan behar eta, sarritan, gutunak edota bideo-mezuak izaten dira.

Arraunaren garrantzia ekimenaren izenean bertan dago: Arraun the world. Ingelesarekin egindako hitz joko bat da, ingelesezko Around eta euskarazko Arraun antzeko fonetika baitute. Hitz joko hori aprobetxatuz arrauna ekimen honen sinboloa bilakatu da. Arrauna ere elkartu eta, era berean, urrundu egiten gaituen itsasoa zeharkatzeko sinboloa da. Baina arraunaz gain, bestelako garraiobideak ere erabiltzen ditu Olentzeroren bilobak, hala nola, patinetea, bizikleta, auto-stopa … Arrauna ezinbestekoa da proiektu honetan Amomaren opari bat delako, eta Itsasoaren ondoan bizi garen guztiok beti daramagu hura geure barnean; arrauna eramateak hori gogorarazten digu.

http://arrauntheworld.com/


Tags: argazkiakerakusketaeuskararen etxeajarduerakolentzero munduan