Azkue Fundazioa
Hasiera  •  Euskararen Etxea  •  Jarduerak Eta Espazioak  •  Jarduerak  •  Jarduerak Agenda • “Tribuaren Berbak” telebista saioan oinarritutako unitate didaktikoaren aurkezpena

Jardueren Agenda

Aurkezpena

“Tribuaren Berbak” telebista saioan oinarritutako unitate didaktikoaren aurkezpena

Apirilak 27, Osteguna
17:00 - 19:00

ETBko Tribuaren Berbak saioan oinarrituriko ‘Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz’ sekuentzia didaktikoen aurkezpena egingo dugu apirilaren 27an Euskararen Etxean.

Material hau ikasgeletan euskara lantzeko erabiltzeko aproposa da eta aurkezteko Kike Amonarriz bera izango dugu gurekin. Amonarriz telebista saioko aurkezlea izan zen eta materiala honen sorkuntzako zuzendaria izan da baita ere.
Sekuentzia hauek DBHra begira prestatu badira ere, atal asko batxilergoan, unibertsitatean edo euskaltegietan ere erabili ahal izango dira euskara ikasgaiaren osagarri gisa. Irakaslegoari zuzendutako aurkezpena izango da, baina interesa duen orok parte har dezake.

TribuarenBerbak

‘Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz’ sekuentzia didaktikoak

Hamar sekuentzia didaktikok osatzen dute materiala.
Web gune honetan eskuragarri dago eta baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko EIMA Katalogoan ikus daiteke.
Euskarari eta Euskal Herriko eleaniztasunari buruzko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzen du, Tribuaren Berbak saioko edukiak oinarri hartuta.

Sekuentzia hauek DBHra begira prestatu badira ere, atal asko batxilergoan, unibertsitatean edo euskaltegietan ere erabili ahal izango dira euskara ikasgaiaren osagarri gisa.
Sekuentzia bakoitzean gai bat jorratzen da, eta ikasleei helburu komunikatibo bat planteatzen zaie. Gaiak lantzerakoan, hainbat jarduera proposatzen dira eta jarduera horietako hainbatetan Tribuaren Berbak saioko bideoak daude ikusgai. Honekin batera doan bideoa horietako sekuentzia bati dagokio. Bertan, euskararen inguruko zenbait galdera potolori argi eta garbi erantzuten diete hiru gaztek.
Ikasleentzako jarduerek, lan koadernoak eta irakasleen gidak osatzen dute sekuentzia didaktiko bakoitza. Eta horiez gain, interesatuek, materiala erabiltzeko gida, sekuentzien edukien laburpena eta proiektuaren inguruko informazioa aurkituko dute.

TribuarenBerbak3
Edukietatik harago, Heziberri 2020 Planak proposatzen dituen oinarrizko konpetentzien ikuspegitik egin da lan. Eginez ikasi. Soziolinguistika gaitasuna ez ezik, komunikazio nahiz kooperaziorako konpetentziak ere lantzen dira. Hiru ardatz nagusi hauek uztartzen dituen bidea proposatzen da materialetan: xede komunikatibo jakin bati erantzutea, soziolinguistika edukietan sakonduz eta talde lanean.

Materiala Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortu da. Lantaldean, erakunde honen parte den Asmoz Fundazioarekin batera aritu dira: Kike Amonarriz, proiektuaren zuzendaria eta soziolinguista; Iñaki Zapirain, sekuentzia didaktikoen koordinatzailea eta irakaslea; eta Josune Zabala, materialaren aholkulari pedagogikoa eta Soziolinguistika Klusterreko teknikaria.

OHARRA: Sarrera librea eta doako ekintza bada ere, aforoa kontrolatzeko aurretiaz izena ematea beharrezkoa da. Izena emateko hemen sakatu.


Tags: asmoz fundazioaEuskaraeusko ikaskuntzaHizkuntzen mundua eta euskara deskubrituzkike amonarriztribuaren berbak