Iragan ostiralean burututako Europako Parlamentuaren saioan, bertako legegileak proposamen horren alde agertu dira, 582 boto alde eta 40 kontra. Ondorioz, litekeena da udan konektore bakarra ezartzea gure dispositibo mugikorrak kargatzeko.

Bozketa hori aldaketa horren aldeko bultzada azpimarragarria da. Parlamentuaren arabera, EBk erregelamendu-neurriak hartu behar ditu lehenbailehen, hondakin elektronikoen kopurua murrizteko eta kontsumitzaileek aukera jasangarriak izan ditzaten eskura.

Ondorioz, Applek neurria onartuko beharko luke, iragan astean ekimen horren aurka azaldu zen arren. Hala, Apple konpainiaren Lightning kargagailu esklusiboa Europaren asmoetatik at geldituko litzateke.

Neurria kontsumitzaileen onerako izango da, ezbairik gabe, kable gutxiago erabiliko baitugu. Horrekin batera, ingurumenaren aldeko ikuspegia duen neurri zehatza da, teknologiak ingurumenean duen eragina murrizteko garaia hemen bertan baita. EBren arabera, kargagailu zaharrek 51.000 tonako zaborra sortzen dute. Kargagailu unibertsalak  baliabideen kontsumoa aurreztuko luke.

Badira neurri honen alde agertu diren konpainia handiak ere; esaterako, LG. Konpainia horren arabera, USB-C izan beharko litzateke estandarra (Applek iPad Pro modeloan baino ez du erabiltzen 2918tik).

Kargagailu komun bat ezartzea premiazko kontua da, kontsumitzaileen eta ingurumenaren aldeko apustu argia baita. Kontrakoa gertatuko balitz, konpainia handien mesederako izango litzateke; Apple enpresaren onurarako, hain justu. Iaz, osagarri teknologikoen salmentak Appleren fakturazioaren %41 hartu zuen. Hazkunde handiena izan zuen kategoria izan zen. Kategoria horrek baina, kableak baino osagarri gehiago biltzen ditu.

usd_c